Oxido kuprosoa botatzen ari dira Elgetako hainbat pinuditan

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko uzt. 26a, 18:00
Oxido kuprosoaren tratamendua botatzeko kobrea banatzeko erabiltzen den makina, Elgetan.

Kanpanzarko errepidean zein Eguzkitzatik Egoarbitzara doan bidean ikusi dira tratamendua botatzeko ibilgailuak azken asteotan. "Badakigu botatzen ari direla, baina udal moduan ez dugu komunikaziorik jaso", esan du Iraitz Lazkano alkateak.

Hasita daude Elgetan ere pinudietako banda marroiaren eta gorriaren kontrako tratamenduak erabiltzen. Legezkoa da Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako baimenarekin oxido kuprosoa erabiltzea, baina baldintza jakin batzuk bete behar dira: lurretik eta herrigune zein ur ibilguetatik ehun metrora botatzea, gutxienez, eta euririk ari ez duenean eta haize gutxi dabilenean izatea. Gainera, 25 urtetik beheragoko pinuak jaso dezakete tratamendua eta afekzioa %75 baino gutxiagokoa bada.

Aramaioko Oleta aldean eta Eskoriatzan hainbat pinudi tratatu dituztela ere jakin du Goienak.

Tratamendu esperimentala Aramaion, besteak beste

Bestelako tratamendu batekin esperimentatzen ari dira Neiker-Tecnalian. Nekazal ikerketarako eta garapenerako institutuak eguaztenean publiko egin zuenez produktu berriak erabiliko dituzte, besteak beste, krustazeo oskolak, soja lezitina eta garagar-legamia.

Jakinarazi dute hasiera batean 174 hektareatan aplikatuko dutela tratamendu berria, tartean Aramaion.

Lurreko entsegua 24 hektareatan egingo dute: zortzi hektarea Murgan –Araba–, zortzi hektarea Artzentalesen –Bizkaia– eta zortzi hektarea Beasainen –Gipuzkoa–.

Airetik 150 hektareatan botako dute: helikopteroarekin 90 hektarea Amoroton –Bizkaia–, eta dronakin 60 hektarea Luiaondon eta Aramaion –Araba–, eta Idiazabalen –Gipuzkoa–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak