Esne-marmitak autobus gainean joaten zireneko garaiak

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko uzt. 23a, 10:00
Olabarriatarren autobus zerbitzuaren inguruan familiak gordetzen dituen argazkietako batzuk. (Iturria: Olabarria sendia)

35 bat urte dira Elgeta eta Eibar lotzen zituen Olabarria autobus zerbitzua desagertu zela. Garraio modu bakarrenetarikoa izan zen urteetan, eta premiazkoa herritar askorendako. Bidaiariak, botikak, esneak eta Correosko paketeak garraiatzen zituen.

"Beste bizimodu bat zen", diote Leon Olabarriak abiarazitako autobus zerbitzua gogoan duten elgetarrek. Dena den, Leon baino gehiago gogoratzen dituzte Candido, Eugenio eta Victor. Aitaren ogibidea hartu zuten hirurek, eta makina bat zerbitzu emandakoak dira. "Kamioi bat hartu eta autobus bihurtu zuen Leonek", azaltzen du Roberto Basauri Lapurdi-k. "Zati bat merkantziak eta paketeak sartzeko utzi zuen eta beste zatian bidaiariendako eserlekuak ipini zituen". Gipuzkoako lehenetarikoa izan zela uste dute familiakoek.

Bizimodua ateratzeko modua ikusi zuen, nonbait, Olabarriak, eta autorik ez zegoen garai batean garraiolari lanak egiten hasi zen. "Autobus bakoitzak bere izena zuen", gogoratzen du Basaurik. "Gogoan dut bati Amama esaten geniola. Ume guztioi atzeko aldean joatea gustatzen zitzaigun, haren magalean joatea bezala zen. Gogoan dut, baita ere, beste autobus bati Pájaro blanco esaten geniola. Ez dakit zergatik. Urdina zela uste dut, marra zuri batekin".

Leon Olabarriak martxan jarritako zeregina seme-alaben esku gelditu zen gerora. Eugeniok hartu zuen Elgeta-Eibar linearen segida, eta erretiroa hartzeko unera arte eman zuen zerbitzua. Candido eta Victor, berriz, irteerak eta bestelako lanak egiten hasi ziren.

Gaur egun, oraindik ere, autobus gidari lanetan jarraitzen du Josean Olabarriak. Leon Olabarriaren biloba eta Eugenio Olabarriaren semea da. Hirugarren belaunaldia, beraz. Laster omen datorkio erretiroa hartzeko unea. Eibar futbol taldearen autobus gidaria da, oraindik ere, besteak beste.

Egunero bi joan-etorri, gutxienez

Elgeta-Eibar zerbitzuak bi joan-etorri egiten zituen egunean; goizez bidaia bat eta arratsaldez beste bat. Eibarrerako joera handia zegoen orduan Elgetan. Lanera, ikastera edo salerosketak egitera jaisten ziren, batez ere, herritarrak.

Autobusa Artekaleko garajean egoten zen eta familiak San Roke kalean zuen etxea zen zerbitzuaren abialekua. "Baserritarrek bertara ekartzen zituzten marmitak goizean goiz. Autobusaren gainean joaten ziren Eibarrera esnez beteta", dio Josean Olabarriak. "Hutsik bueltatzen ziren, edo, enkargurik bazegoen, eskatutakoarekin beteta".

Urtean bi jaiegun besterik ez omen zuen hartzen Eugenio Olabarriak, eta biak Gabonetan. "Gabon eguna eta Urteberri eguna izaten ziren", gogoratzen du Josean Olabarriak. Maria Irene Olabarriak ere ondo gogoan ditu urte haiek. Eugenio Olabarriaren alaba eta Joseanen arreba da. "Linearen azken geralekua Eibarko tren geltokia zen. Igotzeko ordua heldu bitartean, han egoten zen gure autobusa. Aitak, bitartean, jasotako enkarguak egiten zituen: farmaziako enkarguak, Correoskoak... Gure aita bizi guztian egon da han: autobusa bere aparkalekuan, eta aita inguruan". Gaur egun, oraindik ere, lekuak oroitzapen handiak ekartzen dizkiola aitortzen du.

Enkarguak egunero

Egin beharreko enkarguen artean, sarri egoten ziren botikak; izan ere, Elgetan ez zen farmaziarik orduan. "Herritarrek emandako zerrendarekin joaten zen aita farmaziara, eta arratsalderako igotzen zituen botikak", azaltzen du alabak. Nolabaiteko postari zerbitzua ere egiten zuen. "Elgetako banatzailea Julio Agirreazaldegi zen, baina posta igo eta jaitsi egin behar izaten zen, eta aitak egiten zuen lan hori", dio semeak.

"Autobusa familia handi bat bezala zen. Eskolara eta lanera zihoan jendea zen, jende berdina egunero. Bateren bat falta bazen, konturatu egiten ginen eta itxaron egiten zen", azaltzen du Maria Irene Olabarriak. Berandu ere beti berdinak ibiltzen zirela dio, irribarrez. "Ederrak errietak edukitzen genituen!", baieztatzen du Roberto Basaurik. Beti berdinei itxaroten! Eta guk ordurako ailegatu behar eskolara! Beti antxintxiketan!". Korrikalari onak ere bazeudela dio, barrezka. "Alberto Agirreazaldegi eta Patxi Basauri esprinter onak ziren!", azaltzen du.

Idi parea elurra kentzeko

Bideak ez ziren gaur egungoak, eta neguak ere ez. "Errepidea gaur dagoenaren erdia izango zen zabaleran, eta, elur arriskua bazen, palak, gurpilendako kateak eta, zegoenean, motozerra ere eramaten genuen autobusean", gogoratzen du Josean Olabarriak. "Egunero egiten zen Eibarrera jaisteko saiakera. Posta, botikako enkarguak... beti egoten zen premiazko konpromisoren bat!".

Arrebak gogoan du autobusa gurutzatuta gelditu zenekoa. "Arraozko buelta gaur egun txarra bada, pentsa orduan! Ez dut aita sekula horrela ikusi. Kateak ipintzen hasi eta ezin zuen tente egon izotzagatik. Ez dakit zelan, baina ipini zituen kateak eta atera ginen handik alde batean pareta zegoela eta bestean arbola".

Roberto Basaurik ere gogoan ditu antzerako egoerak. "Inoiz gertatu zaigu autobusean jarri, poliki-poliki Karabietara hartu eta elurragatik autobusetik jaitsi eta palarekin hastea. Edo autobusari bultza egin beharra izatea halakoren batean ailegatzeko. Elurragatik izebaren etxean ere egonda nago astebetean Eibarren. Hura Elgetara igotzeko gosea!".

Jose Antonio Irazabalek elurra kentzeko eskuz egindako tresna du gogoan. "Elurra kentzeko makinarik ez zegoen, baina egurrarekin egindako puntadun tresna bat bazuten bidea garbitzeko. Idi parea jartzen zuten tresna horretatik tiraka, eta modu horretan zabaltzen zuten bidea. Estruktura hori kalean egoten zen, gure etxe inguruan. Bazterren batean edo zintzilik egoten zen beharra zegoenean erabiltzeko".

Matxuraren bat zenean, berriz, nork bere ibilgailua konpondu behar izaten zuen. "Ez zegoen mekanikorik ez Elgetan ez Eibarren. Gogoan dut autobus bat oso-oso eskasa atera zela. Urtero desmuntatu behar izaten zuten motorra konpontzeko. Beraiek egiten zuten dena", dio Josean Olabarriak.

Halako batean, bizimodua aldatu egin zen. Bakoitza bere autoa erosten hasi zen, esnea saltzen zuten baserritarrak gutxitzen joan ziren, farmazia zabaldu zuten Elgetan, Correos zerbitzuak beste bide bat hartu zuen... eta txikitzen joan zen erabiltzaile kopurua. Hala, kendu egin zuten Elgetan eta Elgetarako propio sortutako autobus zerbitzua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak