Herriko jai nagusiei izena ema-ten dien Ferixa Nagusixa egingo dute domekan, ekainaren 30ean. Elgetakoa ganadu feria ezaguna da inguruko herrietan; bereziki, bertan aurki daitezkeen idiengatik.
Urtero moduan, bi gunetan banatuko da aurten ere feria: plazan eta inguruetan artisau eta saltzaileen postuak egongo dira, eta Berraondon ganadu feria kokatuko da. Oraindik guztiz zehaztuta ez dagoen arren, 60 bat postu espero dituzte plaza inguruan, artisau eta saltzaileenak. Horietako hainbat Elgetako herritarrenak izango dira; batez ere, jaki eta artisautza produktuenak.
Ganadu feriari dagokionez, 23 idi pare espero dituzte aurten, baina horiekin ez da izango elgetarrik; bai, ordea, ardi edota ahuntzekin.
Bolo txapelketa
Urte batzuetan egitarautik kanpo egon ostean, aurten bolo txapelketa itzuliko da jaietara domeka arratsaldean. Hitzordua 19:30ean bolatokian izango da eta izen ematea momentuan bertan egingo da. Antolakuntzatik diote herritarrak parte hartzera animatzen dituztela, eta, nahiz eta egun horretarako inguruko herri askotan ere txapelketak antolatu dituzten, kanpoko jokalariak ere espero dituzte. Sariei dagokienez, lehen postua eskuratzen duenak urdaiazpikoa, cava botila eta batutakoaren %40 eramango du etxera. Horretaz gain, bigarrenak ere gazta, cava botila eta dirua eskuratuko ditu. Hirugarren eta laugarren postuak ere sarituak izango direla adierazi dute antolakuntzatik, baita izen ematea 5 eurokoa izango dela ere.