Eguenean emango diete hasiera Ferixa Nagusiko jaiei eta dagoeneko prest dute jaietako egitaraua Elgetan. Musika eskaintzari dagokionez, erromeria taldeak izango dira aurten nagusi: Mugi Panderoa, Gora Herria eta Ingou taldea. Txaranga eta triki-poteoa ere izango dira, jai girorik falta ez dadin.
Eguenean, triki-poteoarekin emango zaie hasiera jaiei, 20:00etan; eta gauean, Mugi Panderoa erromeriak dantzan jarriko ditu elgetarrak, 23:00etan hasita. Egubakoitzean, Modus Operandi taldeak ska doinuz beteko du herriko plaza. Jarraian, Gora Herria taldearen emanaldia izango da.
Asteburuari hasiera emateko, zapatuan, Ustekabean txarangak giro ezin hobea jarriko du, arratsaldeko seietan hasita. Ingou erromeriaren txanda 20:00etan iritsiko da, eta jarraian, Aizu! taldea, Kortaturen tributu taldea, arituko da taula gainean.
Karaoke barik aurten
Bestalde, aurreko urteetan ohikoa izan den karaokeak ez du lekurik izango aurtengo jaietan. Udaleko ordezkariek azaldu dutenez, "jai batzordeak beste ekintza batzuk egitea" erabaki du.
Dantza ikuskizunak
Ekintza horietako batzuk dira, hain zuzen ere, dantza ikuskizunak. Barikuan, Tio Teronen Semeak taldearen eskutik Festamentua emanaldia izango da plazan. Horrez gain, domekan, 18:00etan hori ere, Ertza konpainiak dantza eta antzerkia fusionatzen dituen ikuskizuna eramango du plazara.