Herriak emandako soinu jole handi bati egin nahi izan diote aurten omenaldia elgetarrek. Hain zuzen ere, zapatuan, ekainaren 29an, plazan batuko dira, 13:00etan hasita, eta Elgeta edo Intxuzabal izenez ezaguna den Jacinto Rivas omenduko dute.
30 lagun inguruk parte hartuko dute ekitaldian eta, zatika banatuta, haren bizitzaren errepaso txiki bat egingo dute. Antzerkia eta dantzak uztartu nahi izan dituzte ekitaldia sortzerakoan, eta, hala, arin-arina eta fandangoa ere dantzatuko dituzte. Saioa prestatzeko, Kepa De Vegak eman ditu dantza eskolak eta aurkezpena Ana Gillegik egingo du. Era berean, Garbiñe Sarasketak idatzi du testua.
Zailtasunez beteriko bizitza
Jacinto Rivas Elgeta 1906an iritsi zen Elgetako Goimendi auzora. Donostian jaioa, amak kaxa batean utzi zuen, abandonatuta, eta Intxuzabal baserrian hartu zuten semetzat. Bertan, soinu bat esku artera etorri, eta bizitzan erabakigarri izango zitzaion afizioari ekin zion. Etxean, baina, ez zuten begi onez ikusten trikitilari ofizioa eta, familiarekin tirabirak izan ostean, baserria utzi zuen. Eibarren hasi zen soinu-jole eta sasoi hartan eman zituen lehen eskolak ere. Mantenuaren truke, etxez etxe irakasten aritu zen, eta, hala, Lajaren, Maltzetaren, Sakabiren, Auntxaren, Epelarreren eta Zialtzetaren maisu izan zen.Trikitilarien ordura arteko errepertorio nahiko urria aberastu izana aitortzen zaio, baita dantzarekin lotzea ere. Dena den, miserian pasa zituen azken egunak Elgetak, eta, modua guztiz argi ez dagoen arren, 1964ko urtarrilaren 30ean hil zen, Donostian.