Bi elgetar daude herriko eguneko zentroan

Maialen Regueiro 2019ko eka. 10a, 09:11

Elgetako eguneko zentroak zazpi erabiltzailerentzako gaitasuna du, eta, beteta badago ere, bi dira Elgetakoak. Hala, zerbitzua zabalik mantentzeko beharrezkoak dira inguruko erabiltzaileak. Arduradunak zerbitzua herrian ezagutzera ematen ahaleginduko dira. 

Elgetako eguneko zentroak zazpi erabiltzailerentzako tokia du. Gaur egun, beteta dago, baina zazpitik bi dira Elgetakoak. Hala, zerbitzua mantentzeko ezinbestekoa da inguruko herrietako erabiltzaileak izatea. Zentroko arduradun Beatriz Guelbenzuk, gainera, honako hau adierazi du: "Ekintza batzuk egingo ditugu eguneko zentroa ezagutzera emateko; ate irekiak eta eskuorriak, besteak beste".

Tutoretzapeko etxebizitza

Elgetako eguneko zentroak bere baitan dauka tutoretzapeko etxebizitzaren ardura, eta gaur egun hutsik dago. Etxebizitza horrek hiru logela ditu, eta, beraz, hiru herritarrentzako tokia egongo litzateke bertan. Kasu honetan, egoera berezia da, herritar bat tutoretzapeko etxebizitza horren erabiltzaile izateko pertsona horrek autonomoa dela erakutsi beharko duelako.

Mendekotasuna dutenentzat

Eguneko zentroa mendekotasuna duten pertsonei zuzenduta dago. Hala, Guelbezuk honako hau adierazi du: "Pertsona batek duen mendekotasun maila gizarte zerbitzuetako langileek aztertzen dute, eta, horren arabera, pertsona horri bideratutako neurriak zeintzuk diren zehazten da". Dependentzia fisikoa edota kognitiboa izan daiteke; beraz, eguneko zentroak behar horiei zuzendutako zerbitzuak eskaintzen ditu.

Eguneko zentroko zerbitzuak

Zentro horrek astean zeharreko zerbitzua eskaintzen du. Berezko garraioa du eta furgoneta bati esker, goizean, erabiltzaile guztiak jasotzen dira zentrora eramateko. Arratsaldean, berriz, egun osoa zentroan igaro ostean, furgoneta berean joanda erabiltzaile bakoitza bere etxean uzten dute. Hilean behin, erabiltzaileek txakurterapia jasotzen dute Donostiako enpresa baten bitartez. Zentroak sukalde propioa du eta bertan egindako jana jaten dute.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak