Kontxi Lopez Soria: "Zaintza egoera asko jasangaitzak dira"

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko mai. 30a, 13:00

Kontxi Lopez Soria gizarte laguntzailea eta zaintzailea.

Kontxi Lopez Soriak (Donostia, 1965) Zaindu, geure burua zainduz hitzaldia egin zuen, atzo, Elgetan. Hogei bat emakume elkartu ziren eta bizi dituzten zaintza egoerak partekatzearekin batera ardura horien banaketa ereduaz hausnartu zuten.

Lopez hitzaldia egiteko asmoarekin iritsi zen Elgetara, baina emakumeei bizi duten zaintza egoera azaltzeko eskatu zienean askotariko egoerak eta sentimenduak azaleratu ziren, eta beste formatu bat hartu zuen, orduan, saioak. "Hitzaldi bat baino askoz aberasgarriagoa", adierazi du.

Emakumeek azaleratutako egoerak abiapuntu hartuta hainbat gogoeta egin zituen adituak. "Gehienetan, emakumeek hartzen dituzte zaintza ardurak, eta garrantzitsua da zaintza eredu erantzunkide baterantz urratsak egitea".

Zaintza lanaren ikusgarritasun ezaz ere hitz egin zuen. "Ezinbestekoa da lan eskerga horri merezi duen ikusgarritasuna ematea; izan ere, ez da ikusten. Ikusezin egin dugu. Aitorpena ere zor zaio. Kasu askotan, lan bat da, atsedenik gabeko 24 orduko lana, gainera".

Ikusgarritasuna eta aitortza

"Nola lortzen da zaintza lanari ikusgarritasuna eta aitortza ematea?", galdetu zuten hainbat emakumek. Lopezek gogorarazi zuen emakume askok baldintza oso eskasetan egiten dituztela zaintza lanak. "Eta zergatik egiten dute ia bakarrik emakumeek? Lan handia egin behar da gizarte mailan, baina bada beste lan bat norberak egin behar duena. Zergatik sentitzen gara emakumeak hain ezinbesteko gai hauetan? Nondik datorkigu erruduntasun sentimendu hori ustez aurreikuspenak betetzen ez ditugunean? Hori guztia landu egiten da, eta baliabideak aurkitu behar dira zaintza egoerak jasanezin bihurtu aurretik", esan zuen.

Zaintzailea ere zaindu

Zaintza behar duen pertsona garrantzitsua dela esan zuen Lopezek, baina zaintzen duenaren egoera fisikoa eta mentala ere zaindu behar dela adierazi zuen. "Askotan pilotu automatikoan sartzen gara, eta bagoaz aurrera, baina nork bere buruaren gaineko ardura hartu behar du, eta hori ez da berekoikeriaz jokatzea".

Zaintza egoeratan dauden emakumeek gustuko dituzten jarduerak egiteko tartea hartu behar dutela adierazi zuen, delegatzen ikasi behar dela, eta nork bere buruarekin umiltasunez jokatu behar duela aitortuz ez dagoela super-emakumerik. "Ez da egia. Ezin dugu ardura guztia gure gain hartu", esan zuen. Erantzunkidetasuna eskatu egin behar dela adierazi zuen. "Ez da bakarrik etorriko; izan ere, argi izan behar dugu zaintzaileak ikusezinak garela. Ingurukoak asko maitatzen bagaituzte ere ez gaituzte ikusten. Planto ere egin behar da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak