Nerea Kortajarena: "Pentsioen auzian arazoa ez da ez ekonomikoa ez demografikoa; arazoa da ez dagoela borondate politikorik"

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko mai. 21a, 22:00

Nerea Kortajarena legebiltzarkidea eta 'Pentsionistak Martxan'-eko Xabier Isasa, gaur, Elgetan.

Elgetako EH Bilduk gonbidatuta pentsioen gaineko hitzaldia egin dute Nerea Kortajarena legebiltzarkideak eta Pentsionistak Martxan-eko Xabier Isasak. Hogei bat lagunen aurrean egin dute agerraldia.

Pentsionisten mugimenduak egin dituen lorpen nagusien balorazioa egin dute, eta horrekin batera maila ezberdinetako erakunde publikoetatik jasotako erantzunaren errepasoa.

Isasak gogorarazi du 2018ko urtarrilaren 15ean eman ziotela hasiera mugimenduari eta 16 hilabeteotan astelehenero egin direla elkarretaratzeak hiriburuetan zein EAEko makina bat herritan.

Pentsionistak Martxan-eko kideak datuak aurkeztu ditu : pentsio motak, zenbatekoak, gutxiengo soldataren azpitik dauden pentsioen errealitatea... Eta esparru horretan ematen den genero arrakalaren larritasuna azpimarratu du. "Datuak ematen dizkigutenean bataz bestekoez hitz egiten dute, baina pertsona asko bizi da 400 eurotik beheragoko pentsioarekin eta nagusiki emakumeak daude egoera horretan. Pentsio duin bat jasotzeko eskubide osoa dute. Ordaindu gabe etxean egindako lan guztia kontuan hartu behar da". 

EH Bilduko legebiltzarkide Nerea Kortajarenak pentsionisten mugimenduak egindako lorpenak nabarmendu ditu. Aipatu ditu, besteak beste, kolektibo oso bat lozorro egoeratik ateratzea, erreakzio kolektibo bat eragitea, ibilbide militante ez oso luzeko jendea kalera ateratzea, emakume pentsionisten ahalduntzea, Estatuko pentsio sistemaren lotsa guztiak agerian uztea eta pentsioen arazoa agenda politikoaren erdigunera ekartzea. "Datuak oso argiak dira. Jende asko bizi da prekarietate egoeran, eta bereziki emakumeak. Zaintza lanetara kondenatuak izan ziren lehen, eta prekarietatera kondenatuak dira orain".

Arazoa ez dela finantziarioa defendatu du. "Ez da ez ekonomikoa, ez demografikoa. Erabaki politikoek eraman gaituzte egoera honetara. Dirua badago. Kontua da zertara bideratzen den, eta zeintzuk diren lehentasunak".

Euskal pentsio sistema propioa aldarrikatu du, eta gauzatu bitartean gizarte segurantzaren transferentzia lortu behar dela esan du. Sarrerak bermatzeko errenta sistema potentziatu daitekeela adierazi du, eta zaintzan egindako ekarpenak kuantifikatu beharra azpimarratu du modu horretan konpentsazio plan berezituak martxan jartzeko. "Genero ikuspegitik injustizial sozial erraldoi baten aurrean gaude, eta 2019an azterketa hori egin beharko da. Lorpen handia da".

"Pentsio sistema kiebra jota dagoela esaten digute, baina ez dago kiebrarik hezkuntzan, osasunean, defentsan edo monarkian. Aztertu beharko litzateke zerk eraman gaituen egoera honetara", esan du Isasak. "Guk ez dugu esango botoa nori eman behar zaion. Bai, ordea, nori ez zaion eman behar. EAJk ze pentsio sistema defendatzen du? Badakigu? Bai, sistema mistoa baina publikotik oso-oso gutxi duena eta pribatutik asko".

Kanpaina amaiera, barikuan

Hauteskunde kanpainari amaiera emateko azken ekitaldia iragarri du Elgetako EH Bilduk barikurako. Trikipoteoa (19:30) eta afaria (21:30) antolatu dituzte. Afaria Bolatoki tabernan izango da. Interesatuek eguena aurretik eman behar dute izena ehbilduelgeta@gmail.com helbidera idatzita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak