Hitzaldiari hasiera emateko entzuleak kokatu nahi izan zituen Aritz Saidik. Hala, Siriaren kokapenaz, biztanleriaren ezaugarriez, dituen baliabide naturalez eta herrialdeko erregimen politikoari buruz hitz egin zuen.
Azaldu zuen zortzi urteko gerrak 600.000 hildako eragin dituela, eta 22 milioi biztanletik 4 milioik Siriatik kanpora errefuxiatu behar izan dutela eta herrialde barruan 8 milioi desplazatu daudela.
Herrialdea guztiz suntsitu duen gerraren atzean arrazoi inperialistak daudela adierazi zuen, eta hedabideen bitartez iristen den informazioa interesatua dela azpimarratu zuen. Hainbat adibide aurkeztu zituen, Elgetan.
Siria jomugan ipini zuen gertaera nagusien artean aipatu zuen 2007an Persiar Golko inguruan egindako aurkikuntza: munduko gas poltsa handiena.
Gas poltsa horren ustiaketarako eta gas horren Europarako garraiorako egindako bi proiektuen artean Estatu Batuek babestutakoa ez aukeratzeak ekarri dio Siriari hondamendia Saidiren esanetan. Horrek eta Siriako erregimena antisionista izatea, besteak beste; izan ere, erresistentzia mugimendu askoren sostengu izan dela ekarri zuen gogora Saidik.
Oso kritiko agertu zen teorian laguntza humanitarioa eskaintzera joaten diren hainbat erakunderekin –Kasko Zuriak, besteak beste–, eta gurera agentzia bidez iristen diren albisteak irakurtzerakoan kritiko izateko ohartarazi zuen.