EAJk herrikoak ez diren hiru lagun jarri ditu hautagaitzaren lehen postuetan. Zergatik? Boto-emaileengan eragina izango duela uste duzu?
Egunotan politikagintza eta udalgintza ez dira erakargarriak jende gehienarentzat. Sakrifizioa eta lana eskatzen du zinegotzi edo alkate izateak eta denok ditugu familian, etxean, beste erantzukizun batzuk. Lau urteotan EAJk ez du hautagaitzarik izan Elgetan eta berriz ere herrian pultsua hartzea zailagoa da. Lehen postuetako ardurek, gainera, dedikazio eta erantzukizun handiagoa eskatzen dutenez kosta egin zaigu jendearen konpromisoa lortzea. Baina azpimarratu nahi dut gure zerrendan gehienak elgetarrak direla, esperientzia handiko jendea batetik, ilusio berria bestetik eta batez ere esango nuke Elgeta eta Elgetako Udala ondo ezagutzen duen jendea daukagula zerrendan. EAJ beti izan da taldean lan egiten duen alderdia, gu taldean gara onak eta ziur naiz talde osoa egongo dela lanean lau urteotan nahiz eta denak zinegotzi izatera ez iritsi.
Azken agintaldiko Udal Gobernuaren jarduna jarraitu duzu? Zer iruditu zaizu?
Oso orokorrean jarraitu dut, ni ez bainaiz zinegotzi izan baina GU GEU herri zerrendan bazegoen gure alderdikide bat eta bere eskutik izan dut legealdi honetako berri. Oso legealdi pobrea izan da, Elgetako Udal Gobernuak ez du herri proiektu bat landu herriarentzat eta herri bezala atzera geratu da.
Zelakoak izan dira lau urte hauek zuretzat eta nola irudikatzen dituzu hurrengo laurak?
Nik lau urte hauek Diputazioan egin ditut, Bide Azpiegituretako foru diputatu bezala. Lan izugarria egin dugu, proiektu handiak burutu ditugu, oso garrantzitsuak. Deskargako autobidea bukatu dugu, Bilduren gobernuak oso egoera arriskutsuan eta txarrean utzitako obrari segurtasuna eman eta bukatu egin dugu agindutako epe barruan. Puntako teknologia jarri dugu errepideen kudeaketan eta herri txiki nahiz handietako beharrei erantzuna ematen saiatu gara. Datozen lau urteak nolakoak izango diren jakiteko hauteskundeen emaitzak jakin behar ditugu. Edozein kasutan, gobernuan edo oposizioan egon, lana gogoz egingo dut. Nire bizitza osoan ardura handiak izan ditut lanean eta beti eman dut %100a.
Udal hauteskundeotan lehian izango diren beste bi hautagaitzak zer iruditzen zaizkizu?
Bakoitzak bere planteamenduak izango ditu eta errespetagarriak, noski. Baina Elgetak behar duena etorkizuneko proiektu sendoa da eta hori EAJk bakarrik eman diezaioke.
Zer du zuen hautagaitzak beste biek ez dutenik?
Gauzak argi ditugu, Elgetaren etorkizun proiektua dugu. Ekonomia alderdian lan asko dago egiteko, Pagatzako industrialdea eta gainontzeko enpresek konplizitatea eta babesa behar dute udaletik herrian aberastasuna sortu eta zerbitzuak hobetzeko. Oinarrizkoa da hau. Gure taldean erakunde desberdinetan aritutako esperientzia dugu eta erakunde guztiek norabide berdinean lan egiteko bermea EAJ da.
Nola ikusten duzu Elgeta? Zeintzuk dira indargune eta ahulgune esanguratsuenak zure ustez?
Elgetaren indarguneak nire ustez asko dira: lasaitasunez bizitzeko herria da, landa gune ederra dauka zaindu eta babestu beharrekoa, herritarren arteko hurbiltasuna, aurreko agintaldietan sortutako azpiegiturak, industrialdea, kiroldegia, etxebizitza berriak, saihesbidea, eguneko zentroa, museoa, kultur etxea. Elgeta gainera sinbolo edo ikur garrantzitsua da faxismoaren aurka Intxortako defentsa gogoratuz. Eta indargune handiena elgetarrak dira, pertsonak. Ahultasunen artean aipatuko nituzke bereziki garraio publiko urria, azpiegituren sustapen eta ustiapen eza, utzikeria herriaren itxuran, udala eta herritar eragileen arteko urruntasun eta lankidetza eza, herritarren benetako partaidetza aukera urriak.
Ze proiektu duzue Elgetarendako. Lehentasunezko hiru eman, mesedez.
Ekonomia sustapena, Pagatzako industrialdea sustatuz Eusko Jaurlaritza eta Diputazioarekin batera, enpresen berrikuntza sustatuz, banda ultra azkarra lehenbailehen eramanez, eragile ekonomiko guztiekin lan egitea norabide berdinean nahiz izan enpresak, merkatariak edo kultur eragileak, museoaren indartzearekin adibidez. Honetan aurrera egiten ez bada Elgeta atzean geratuko da, eta hori da gertatzen ari dena. Bestalde, pertsona dugu helburu, inor ez dadin bazterkerian geratu. Horretarako Aldundiarekin eta Jaurlaritzarekin lan egin behar dugu, dagoeneko badauden programa desberdinekin. Pertsonen arteko errespetu erabatekoa, memoria historikoaren indartzea, adinduen eta gazteen arteko, belaunaldi arteko harremanekin asmatzea elgetar gizarte kohesionatuago baten onurarako. Eta hirugarrenik esango nuke sektarismorik gabeko gobernantza. Gobernu eredu berria behar du Elgetak, nongoa naizen edo nola pentsatzen dudan alde batera utzi, jendeari etiketak jartzeari utzi eta nor naizen eta nola parte hartu dezakedan herrigintzan pertsona bezala. Benetako herri partaidetza sustatzea helburu zehatzekin. Guztiontzat gobernatzea.
Eta alkate bazina ze lehen hiru neurri hartuko zenituzke?
Lehendabizi etorkizuneko proiekturik garrantzitsuenak martxan jarri. Lehen egunetan egiten ez dena legealdi bukaerarako ez da lortzen. Bigarrenik herriko eragile guztiekin bildu eta elkarlanerako tresnak eta ibilbidea zehaztu. Hirugarrenik beste erakundeekin harremanetan jarri Jaurlaritza eta Aldundiarekin batez ere, Elgetarentzat proiektuak gauzatzeko helburuarekin.
Herritarren eskaerei beti egin behar zaie kasu?
Bai, zalantzarik gabe. Beste kontu bat da eskaerak ez direla beti egingarriak baina oso garrantzitsua da herritarrei erantzun eta informazioa ematea.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeetako emaitzak zer iruditu zaizkizu?
Gure emaitzak oso onak izan dira, uste baina hobeak. Argi dago Espainian Euskadiren interesak defendatzeko erreferentziazko alderdia garela Elgetan ere.
Nola definituko zenuke zure burua? Ildo ideologikoak, lehentasunak bizitzan, zaletasunak…
Ni pertsona konprometitua eta langilea naiz, batzuetan nire burua kaltetzeraino... neurria hartzen oraindik ez dut erabat ikasi! Ideologikoki abertzalea, Xabier Arzalluzek esaten zuen bezala, lehenengo abertzalea eta ondoren gainontzekoak. Euskal Herri libre baten aldeko helburua izan dut 13 urtetatik baina herrigintzaren bitartez, gizarte eta ekonomiaren garapenaren bitartez eta pauso sendoak emanez. Bide zidorretan ez dut sinesten. Lana eta elkarrizketa dira tresnak, indarkeriari zirrikiturik ere utzi gabe. Zaletasunen artean idaztea, irakurtzea, familiarekin eta lagunekin elkarrizketa luzeak egitea, jende berria ezagutzea, jendearekiko harremanak oso gustuko ditut, eta itsasondoko herrietara joatea dut gustuko.
Udal hauteskunde atari honetan zein da Elgetako boto-emaileei helarazi nahiko zeniekeen mezua?
Elgetak etorkizuneko proiektua izatea, Elgeta atzera ez geratzea eta sektarismorik gabeko gobernua nahi baduzu, benetako herri partaidetza sustatuko duen gobernu gardena nahi baduzu, elgetarrentzat bizitza kalitatea bermatu eta areagotu nahi badituzu, aukera bakarra dago, esperientzia, sendotasuna eta errespetua dituen alderdia, EAJ-PNV.