Zer da Elgetatik gehien gustatzen zaizuna?
Zalantzarik gabe Intxorta ingurura joatea gustatzen zait. Natura izugarri maite dut eta leku hori ikusgarria da. Bertatik Elgetako ibar osoa eta Udalaitz mendia ikus daitezke. Baina ingurune hori ere gustukoa dut ekartzen dizkidan oroitzapenengatik. Nire bilobekin bertara joaten naiz gerraren izugarrikeria eta horrek izan zituen ondorioak haiei azaltzeko. Valladoliden errepresaliak jasan zituen familia bateko kide naiz. Nire amona eta nire osabak preso egon ziren sozialistak eta komunistak zirelako. Oso garrantzitsua iruditzen zait belaunaldi berriek iragana ezagutzea, orduan gertatutakoa berriro ez gertatzeko, eta askatasunaren alde borrokatu zuten ausart horiei esker ona erakusteko.
Zein ekarpen egingo zenizkioke Elgetako udalari zinegotzi izatea lortuko bazenu?
Edozer gauzaren gainetik, Alderdi Sozialistak Elgetako Udalean ordezkaritza bat edukitzea garrantzitsua dela iruditzen zait. Gehiengoaren interesak —adibidez, bizikidetza, enplegua eta ongizatearen arloetan— defendatzea bilatzen duen indar aurrerakoi ezkertiar bat egotea garrantzitsua iruditzen zait. Enplegua sortzen lagunduko duten neurriak bultzatzen eta kolektibo ahulenei begira kalitatezko udal-zerbitzu publikoak bermatzen lan egingo dut, eta Udalean burututako lana behar handienak dituztenei zuzenduta egongo da.
Alkate izango bazina egingo zenituzkeen lehen hiru gauzak?
Elgeta herri integratzaileagoa eta pluralagoa izatea bilatzen dut. Udal-gobernutik hartzen diren erabakiek herrian bizi diren eta lan egiten duten pertsonen lehentasun nagusiei erantzun behar diete. Funtsezkoa iruditzen zait bereziki gazteen, emakumeen eta 45 urtetik gorakoen artean enplegurako toki- eta eskualde-mailako programak sustatzea. Enplegu egonkor, duin eta kalitatezko bat sustatzeko ahaleginak egingo ditut. Hirigintzaren arloan, Elgetarentzako hiri-garapen iraunkorra proposatzen dugu, gazteentzako etxebizitza publikoa sortu ahal izateko. Zementuz soilik osatutako guneak izan beharrean topaketarako eta gizarte-harremanetarako balio izango duten lorategiz eta plazez osatutako hiri-ingurune atseginak bultzatuz.
Zure denbora librea zertan ematen duzu?
Nire emazteak dio sukaldean ibiltzea oso gustukoa dudala. Familiarekin eta lagunekin egoteaz gain, eurentzako kozinatzea eta eurekin ahalik eta denbora gehien igarotzea maite dut.
Kirola egiten duzu?
Futbola gustatzen zait. Jada ez dut jokatzen, baina telebistaz nire seme-alabekin ikustea asko disfrutatzen dut.
Gustukoa duzun liburu edo idazle bat?
Santiago Posteguillo.
Ingurumenarekiko duzun konpromisoa noraino iristen da?
Erabateko konpromisoa daukat. Aitona naiz eta badakit ingurumenaren alde hartzen ditudan neurri guztiak funtsezkoak direla nire bilobei mundu hobea uzteko. Iraganean hain garrantzitsua ez zena, gaur egun gure ingurunea ez zaintzeak duen arriskua hurbiletik ikusten dugu, eta hurbilen dugun eta egunero bizi dugun hondakinen gaia funtsezkoa da. Gaur egun ez dago aitzakiarik hondakinen murrizketaren, berrerabileraren eta birziklatzearen alde lan ez egiteko eta ingurumena hitz soil batean ez geratzeko. Jarrera proaktibo bat hartu behar dugu.
Ingurumena babesteko eguneroko bizitan burutzen edo saihesten duzun ekintzaren bat?
Nire etxean urte asko daramatzagu birziklatzen. Hainbat ontzi ditugu eta egunero birziklatzen dugu. Gainera, nire emaztearekin eta nirekin denbora asko igarotzen duten bilobak ditut eta, beraz, badakigu gure keinuekin eta jokabideekin eurek ingurumena errespetatzen ikasten dutela. Horrela, adibidez, hortzak garbitzen dituztenean iturriko ura ixten dute, eta gela batean inor ez badago argia itzaltzen dugu. Erosketak egitera joaten naizenean telazko poltsa bat eramaten dut plastikozkoak ez erabiltzeko. Uste dut guk familia guztiek egiten dutena egiten dugula.
Bi legealditan Soraluzeko Udaleko zinegotzia izan zinen 1983tik 1991ra. Nolako esperientzia izan zen?
Aspaldi izan zen, baina oso atsegina. Herritarrekin harremanetan egoteko eta euren beharrei erantzun ahal izateko aukera oso polita da. Zerbitzari publiko bat izateko aukera edukitzea ohore eta erantzukizun handia da.
Zein ekarpen egin ziezun Soraluzeko herritarrei?
Garai hartan demokrazia hasi berria zen, baina euskal sozialistok, beti, hobetzeko asmoa zuten ideia eta ekintza aurrerakoiak proposatu genituen; adibidez, garai hartan ia ez zeuden eta bizilagunek zinegotziekin topo egiten zuten bakoitzean eskatzen zizkiguten oinarrizko zerbitzu publikoak ezartzea.
Esan dezakegu Soraluzen izan duzun esperientziak Elgetarako balio dizula?
Soraluzen egon izanaren esperientzia politikoa oso ezagutza garrantzitsua da jendearengandik hain hurbil dagoen udaleko ordezkari izateak zer suposatzen duen eta zertarako balio duen jakiteko. Kontuan hartu behar da Soraluzeko biztanle kopuruak Elgetakoa hirukoizten duela, baina gaur egun arazoak hautemanda eduki behar dira eta garai hartako izpiritu eta jarrera berberarekin landu behar dira. Gaur egun hainbat arazo nagusi ditugu: gizartea gero eta zaharragoa da, kalitatezko enplegua eta enplegu egonkorra behar dira, etxetik kanpo bizitzeko gazteek arazoak dituzte, familia-eredu gehiago daude… Eta arazo horiei soluzioa emateko, euskal sozialistok praktikan jartzeko eta, Elgetako herritarren botoak jasotzen baditugu eta ordezkaritza garrantzitsua lortzen badugu, Udalean eragiteko hainbat proposamen ditugu.
Duela gutxi egin diren Espainiako Gorte Nagusietarako hauteskundeen emaitzen inguruan nolako balorazioa egiten duzu?
Oso ona. Apirilaren 28an egun zoriontsua izan zen sozialistentzat. Baita socialista gipuzkoarrentzat ere, Espainian sozialisten garaipenean aktiboki parte hartu dugulako eta guri zegokigun lekua berreskuratu dugulako. Botoetan gora egin dugu.
Eta zein ondorio nagusi ateratzen dituzu?
Ondorio nagusia da Alderdi Sozialistak eskuinak eta ultraeskuina geldiarazi dituela eta hori oso garaipen handia da. Inboluzioa gelditzea lortu dugu, eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuan egonda, kalitatezko enplegua sortzeko bultzada bat emango dugu eta PP alderdiaren erruz hain egoera txarrean geratu den gure ongizate-eredua berreraikiko dugu. Azken batean, gizarte-politikak, hazkunde ekonomikoa eta berdintasuna indartuko dituen proiektu aurrerakoia dugu, genero-indarkeriaren aurkako borrokaren politikak sendotuz. Goi-mailako politika egin behar da eta elkarrizketa asko landu behar da adostasun zabaletara heltzeko. Euskadi mailan, argi dago PSOEk Madrilen gobernatzea Euskadirentzako hobeto izango dela. Gogoratu nahi dut Pedro Sanchezek akordio historiko eta berria itxi zuela transferentziak negoziatzeko eta, zalantzarik gabe, PSOEk euskal autogobernuarekiko duen konpromisoa argia da.
Zein dira PSOEren helburu nagusiak datozen lau urteetarako?
PSOEk 110 konpromiso zehatz biltzen zituen hauteskunde-programa bat planteatu zuen Espainia moderno, aurrerakoi, ezagutzari lotua, lehiakor eta aukerak ematen dituena, ongizatearen aldekoa, feminista, trantsizio ekologikoaren aldekoa, eskubide eta askatasun berrien Espainia eta Espainia europarra, mundura irekita dagoen Espainia osatzeko.
Beste alderdi batekin Gobernua osatzen badu, zein litzateke zure aukera gustukoena?
Niri bakarrik gobernatzea gustatuko litzateke, gobernu aurrerakoi baten programa gauzatu ahal izateko ezker aurrerakoiaren aldetik behar dituen babesak jasoz.
Zure burua feministatzat duzu?
Emakumeen aldarrikapenak ulertzen, partekatzen eta babesten ditut, enpleguan eta okupazioan emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera berdintasuna lortzea beharrezkoa delako. Genero Indarkeriaren aurkako Estatu Ituna arlo guztietan betetzeko sakondu behar da. Sexu orientazioagatik eta genero-identitateagatik tratu-berdintasunerako eta bazterketa ez jasateko Lege integral bat egin behar da. Sexu-delituen tipifikazioa aldatu egin behar da onespena ez emateak behar bezalako tratamendu jasotzeko.
Zer egin zenuen martxoaren 8an?
Egun hori nire familiarekin ospatu nuen eta Alderdi Sozialistak babesten zituen talde feministek deitutako manifestaziora joan nintzen.
Eta Euskaraldian hartu zenuen parte? Zer iritzi duzu ekimen horren inguruan?
Euskararen erabilera kalean sustatzeko oso ekimen garrantzitsua iruditu zitzaidan. Zoritxarrez nik ez dakit euskaraz eta damu naizela esan behar dut. Nire seme-alabak eta bilobak euskaraz hitz egiten eta normaltasun osoz komunikatzen ikusten ditut, eta gauza bakarra esan dezaket: nik ikasi ezin izan dudan arren, nire ekarpena egin dudala uste dut euskaldunok dugun opari hau nire familiak ere indartzeko. Gure gizartearentzako oso aberasgarria da bertako herritarrek bi hizkuntzetan, euskaraz eta gaztelaniaz, adierazteko gaitasuna izatea.
Trump, Bolsonaro, Vox, eskuin muturraren gorakada… Zer iritzi duzu?
Korronte populista eta ultraeskuineko hau oso arriskutsua dela eta Espainian hori gelditzea lortu dugula. Zalantzarik gabe, eskuinen eta ultraeskuinen inguruan botoen bitartez osasun- kordoia osatu duten herritarrak zoriondu behar ditut. Gainera, esan behar dut PP eta Ciudadanos alderdiek huts egin didatela Vox geratu ez dutelako. Ez geratzeaz gain, Andaluzian bat egin dute Alderdi Sozialista —hauteskundeen irabazlea— gobernutik botatzeko.