264.000 euroko gerakina 2018ko udal likidazioan

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko mar. 18a, 09:25

Elgetako udalbatza martxoaren 13an egindako ez ohiko osoko bilkuran.

2019ko aurrekontuan egokitzapenak egiteko bideratuko da zati bat; tartean, langile publikoen soldatak igotzeko, eskola atarian aterpe bat egiteko, Asentzioko aparkalekua egokitzeko eta herriko aparkalekuak eta zebra-bideak margotzeko.

Iraitz Lazkano alkateak emandako datuen arabera, gastuen betetze maila %91,55 izan da eta sarrerena %91,83. 2018ko ekitaldia positiboa izan dela adierazi du: "Gerakin nahiko polita gelditu zaigula uste dut. Iaz ere halako kopuruetan ibili zen. Esango nuke punturik positiboena gastu arauarekin lotutakoa dela. Urte osoa joan gara esaten ez genuela beteko, eta buru gainean izan dugu ezpata hori. Azkenean, ez dugu bete, baina 2017ko gerakina erabili izana izan da arrazoia. Hala, ez dugu plan ekonomiko finantzariorik egin beharrik izango".

2018ko udal kontuen itxierak eragina izango du 2019ko aurrekontuan. Alde batetik, aurtengo aurrekontura txertatuko dira arrazoi ezberdinengatik iaz gauzatu barik gelditu ziren hainbat partida. Hain zuzen ere, baserritarren batzordeko inbertsioetarako 7.658 euro; brigadako lan tresnetarako 1.585,62 euro; antzokia egokitzeko 1.560,73 euro; eta hilerriko argiterian led sistema ipintzeko 1.483,78 euro. Denera, 12.288,13 euro.

Udalbatzak, bestalde, 2018ko gerakineko zati bat zertara bideratu erabaki zuen eguaztenean egindako osoko bilkuran. 41.800,96 euroko kreditu gehigarriak dira. Bestelako premiei aurre egiteko hustu ziren bi partida berreskuratu egiten dira, hala nola Domingo Iturbeko lur saila erosteko 5.550 euroko partida, eta baserritarren batzordeko inbertsioetarako 14.950 eurokoa. Bestetik, langile publikoen soldatak aurten %2,25 igotzea aurreikusten du legeak eta Udalak %1 igotzea aurreikusi zuen aurrekontuan. Gerakinetik egingo da %1,25eko igoera eta horretara bideratuko dira 5.300,96 euro.

Bestelakoetan, eskolako sarreran aterpe bat egiteko 8.000 euroko partida sortu da, aparkalekuak eta zebra-bideak margotzeko 4.000 eurokoa, eta Asentzioko aparkalekuan egokitze lanak egiteko 4.000 eurokoa. Gerakineko beste 222.560,34 euro daude erabiltzeko. "Joango dira proiektu berriak sortzen eta joango gara gerakinetik tiratzen beharra ikusten bada", esan zuen alkateak. "Ez dugu dena kolpera gastatuko".

Oposizioaren abstentzioarekin

EH Bilduko bost ordezkarien aldeko botoekin egin zuen aurrera kredituak gehitzeko proposamenak. Gu Geu Elgetako bi ordezkariak abstenitu egin ziren. Mikel Larreak zalantzan ipini zuen erabakia udalbatzaren eskumenekoa denik ere. "Txertaketak egitea gauza tekniko bat da iaztik geratutako kredituak direlako eta logikoa ikusten dut egitea, baina uste dut alkatearen eskumenekoa dela kreditu gehigarriak egitea", esan zuen. Gaiaren inguruan gehitu zuen: "Pentsatzen dut ez dela prebisioarekin jokatzen. Gastu hauek ziurrenik jakinekoak ziren aurrekontua egiterakoan", langile publikoen soldata igoerari erreferentzia eginez, besteak beste. "Jakinean egonda badaudela gastu batzuk egitekoak direnak gerorako gelditzen dira, izkina batean. Arriskua ikusten dut horrela jokatzearekin".

Alkateak ukatu egin zuen soldaten igoeraren inguruko estimaziorik zegoenik, eta esan zuen gastu batzuk egitekoak badira ere aurrekontua prestatzerakoan beharrezkoa dela sarrerak eta gastuak koadratzea. "Eta horrelakoetan lehentasunak finkatu behar izaten dira. Eskolan aterpea egitea aurretik aztertutako gaia da, eta egingo da dirua dagoelako. Ez balego, ba, ezingo litzateke egin".

Eduardo Zubiaurre hautetsiaren uko egitea izan zen osoko bilkurako azken gaia. Oposizioak adierazi zuen agintaldia amaitzeko bi hilabeteren faltan ez dutela ordezkorik izendatuko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak