Sute txikia izan da goizaldean Elgetako Goimendi auzoan

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko mar. 6a, 10:42
Suak Goimendi auzoan eragindako kalteak. (Argazkia: Elgetako Udala)

Bizilagun batek eman du abisua 06:20 inguru zirenean. Suhiltzaileak bertaratu dira eta laster itzali dute sua. Foru Aldundiko basozain taldeak hartu du lekukoa eta ingurua bustitzeko lanetan dihardute.

Etxerik gabeko paraje batean piztu da sua. Gipuzkoako suhiltzaileek jakinarazi dutenez sasiak eta oteak erre dira, eta sua ez da zuhaitzetara heldu. "06:20ean jaso dugu bizilagun baten abisua. Errepidetik gertu piztu da sua, Arraotz inguruan etxebizitzetatik nahiko urrun. Hegohaizea da baina hasieran harrapatu dugu sutea eta nahiko laster izan dugu kontrolpean", esan dute Gipuzkoako suhiltzaileen prentsa bulegotik. "Sasiek eta oteek hartu dute sua.".

Zisterna-kamioiarekin eta ibilgailu arin batekin bertaratu dira suhiltzaileak. Itzaltze lanak egin ostean Foru Aldundiko basozain taldearen eskuetan utzi dute ingurua. Dena bustitzeko ardura hartu dute basozainek sutea berriz piztu ez dadin.

Sute bat dagoen guztietan moduan Ertzaintzak zabalik du ikerketa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak