Gazteekin adostutako berrikuntzak gaztelekuan

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko ots. 22a, 14:00

Horma-irudi berria egiten, gaztelekuan. (Argazkia: Elgetako gaztelekua)

Zerbitzua erakargarriago egiteko, espazioa neska-mutikoen beharretara egokitzeko ahaleginean ari dira gaztelekuan. Nerea Erdabide hezitzaile arrasatearrek gidatzen du zerbitzua urtarril amaieratik, eta adierazi du hainbat egitasmo dituztela esku artean.

Gazteleku eta ludoteka zerbitzuak espazio berezituak dituzte orain. Hala, adin tarte bakoitzak bere beharretara egokitutako txokoa izango du. Herrian aurretik ere ezaguna den Nerea Erdabidek dihardu ikasturte hasieratik martxan diren egokitzapenak bideratzen. "Espazioa bereizteaz gain, gazteek gura duten moduan apaintzen ari gara, eta programazioa ere haiekin batera adosten dugu. Hala, mahai-futbola dago ipinita orain, eta horma-irudi bat egin berri dugu. Bost gazte bakarrik etorri ziren grafiti tailerrera, baina horman margotu zuten, eta asko gustatu zitzaien. Duela pare bat urte egindako beste grafiti tailer batean, paperean aritu ziren, eta desberdina da".

Grafitian zer margotu ere adostu egin zuten. Agertzen dira neska bat surfa egiten, gazte bat musika entzuten, bi lagun elkarri kuxinak botatzen eta karta-joko bat.

Gaztelekuan egiten dutena lau haizetara zabaltzeko asmoa dute erabiltzaileek, eta hilean behin aldizkari bat aterako dute. "Gure ekintzen argazkiak jasoko ditugu bertan, eta denbora-pasen atala ere izango du aldiz-kariak. Elkarrizketak egiteko asmoa ere badugu, baina ikusiko dugu zein maiztasunekin", azaldu du Erdabidek. "Amaitzeko dugu, baita ere, eskuz egindako sofa bat, eta etorriko dira egitasmo gehiago".

10-12 urte bitarteko hamabi neska-mutiko daude ikasturte osorako izena emanda. Zerbitzua zapatu eta domeka arratsaldeetan egoten da zabalik, eta eguneko zein hilabeteko bonuak atera daitezke. "Instagram profila dugu –Gazteleku_elgeta– eta Goienako komunitateko kide ere bagara. Herrian zein bailaran gaztelekuan egiten ditugun ekintzen berri izan dezaten nahi dugu".

Salmenta aste bukaeratan

Irteerak egin nahi dituzte gaztelekuko erabiltzaileek: hondartzara, igerileku batera, zaldian ibiltzera... Eta horiek finantzatzeko, eskulanak egitea eta saltzea pentsatu dute. Domekan plazan ipini zuten postua, eta gehiagotan ere izango dira aurrerantzean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak