Bi emakume elgetar 1936ko gerraren bidegurutzean

Manolo Cainzos 2019ko ots. 5a, 10:12

Emakume bi horiek Zenona Arantzabal Barrutia eta Zoila Askasibar Artola dira; nahiko ibilbide antzekoa izan zuten, baina bukaera desberdina: 36ko gerrako bidegurutzean desagertu ziren.

Zenona Arantzabal Barrutia Elgetako Iturri baserrian jaio zen, 1878ko uztailaren 9an. Haren gurasoak izan ziren Francisco Ramon Arantzabal Arantzabal eta Maria Josefa Cristina Barrutia Telleria; 1864an ezkondu ziren, Elgetan. Zazpi anai-arreba izan zituen: Jose Modesto (1865), Maria Hilaria (1867), Jose Maria (1869), Maria Dominica (1872), Maria Josefa (1875/+1898), Jose Julian (1884) eta Maria Juana (1887).

Zenonak, 20 urte inguru zituela, 1900 inguruan, Bilbora joan zen, neskame. Han zela, Adoratrizeko Mojen Kongregazioan sartu zen (AASS); haien funtzioa zen prostituzioak esplotatutako edo beste egoera batzuen bidez esklabizatutako emakumezkoak liberatzea eta laguntzea.

Kongregazioan sartu zenean, arreba Borja de Jesus izena hartu zuen Zenonak. 1936ko altxamendu militarra izan zenean, Madrilek Errepublikari tinko eutsi zion; hori dela eta, etengabeak ziren errebeldeen erasoak eta bonbardaketak, hiria hartzeko asmoz. Orduko hartan, gure arreba, 58 urterekin, Madrilgo Adoratrizen komentuan bizi zen. Hala ere, egoera soziala larria zen, eta mojek komentua utzi behar izan zuten; etxe partikularretan babestu ziren.

Handik gutxira, haietako batzuk Castanilla kaleko etxebizitza batean batu ziren; gure Zenonak uko egin zion bere familiartekoek eskainitako babesleku bati, eta hura ere Castanillako etxebizitzara joan zen.

Handik hiru hilabetera, Adoratrizeetako 23 arreba atxilotu eta fusilatu egin zituzten; horien artean, arreba Borja de Jesus. Almudenako kanposantuko paretetan fusilatu zituzten miliziano errepublikanoek.1936ko azaroaren 9an. Arreba haiek martiri beatifikatu zituzten, eraildako beste 498 pertsonarekin batera, 2007ko irailaren 28an, aita santua Benedikto XVI.a zela; ondoren, Erorien Haranean lurperatu zituzten, Pilarko kaperan.

Zoramen-erlijiozko hartan, ez zeuden matxino frankistek eraildako Elizako kideak.

Zoila Askasibar Artola Elgetan jaio zen, 1877ko ekainaren 27an. Haren gurasoak izan ziren Miguel Simon Askasibar Elkoro –1839an jaio zen, Angiozarren, eta 1888an hil, Elgetan– eta Maria Bautista Antonia Artola Odriozabala –1840an jaio zen, Alegian, eta 1895ean hil, Elgetan–; Angiozarko San Migel parrokian ezkondu ziren, 1863an.

Zoilak bost anai-arreba izan zituen: Maria Jesus (1863/+1892), Jose Venancio (1865/+1866), Eladia Claudia (1867), Justa (1869/+1869) eta Maria Josefa (1872). Anai-arreba guztiak Angiozarko San Migel parrokian bataiatu zituzten eta Zoila, gazteena, berriz, Elgetako Jasokundeko Amaren parrokian. Horrek agerian uzten du familia Angiozartik Elgetara joan zela bizi izatera, gurasoen heriotza-agiria hango parrokian agertzen da eta. Zoilaren aitaren aldeko aitajaun-amandreak Jose Askasibar Sarrao eta Cecilia Elkoro Aldekoa izan ziren; 1831n ezkondu ziren, Angiozarren. 1856ko errolda baten arabera, Migelena baserrian bizi ziren, Angiozarko Azkoneta auzoan, eta laurak, Jose, Cecilia eta haien semeak –Domingo, 19 urtekoa; eta Miguel, 17koa–, ehule gisa agertzen dira. Hortaz, ondoriozta daiteke ehunduegi familiar bat zutela.

Badakigu zertxobait Zoilaren bizitzaz eta haren kultura-ondareaz, Angeles Ezama Gilen lanari esker –Zaragozako Unibertsitateko Filologia Saileko irakaslea–; Zoilaren historia eraikitzeko lanean dabil azkenaldian.

Zoila, 1900 baino urte batzuk lehenago, Madrilera joan zen; bi arreba zeuden han. Manuel Alhama Montes kazetariaren etxean zerbitzatzen egin zuen lan; Alrededor del mundo aldizkari ilustratuaren editorea zen Alhama, eta, geroago, 1908 inguruan, inprimategi bat sortu zuen. Editorea handik gutxira hil zen, eta inprimategia hainbat eskutatik pasatu zen.

1905 eta 1925 artean, Zoila udal erroldan agertzen da jornalari lanbidearekin; inprimategiko langile, agian.1908 eta 1923 arteko momenturen batean, Mariano Graciarekin ezkondu zen; inprimategiko langile zen hura. Ez dakigu seme-alabarik izan zuten edo ez. 1924tik aurrera, Zoila Askasibar agertzen da garai hartako testuen inprimategi-zigiluan, eta hurrengo urtean, udal erroldan industrial gisa. Momentu hartan, editorial eta inprimategi baten jabe zen. 1930ean, 40 pertsonak lan egiten zuten han, inprimatze-material modernoarekin, gau eta egun, domeketan izan ezik.

20ko eta 30eko hamarkadetatik Espainiako gerra hasi zenera arte, pentsamendu politiko askotarikoen aldizkariak inprimatu eta editatu zituen, baita arkitekturarekin lotutakoak, finantzakoak, filosofiakoak, erotikoak, komiko-satirikoak, industrialak, medizinaren alorrekoak, zezenen gainekoak, eta abar, eta abar.

1936tik aurrera, ez zen ezer gehiago argitaratu Zoila Askasibarren inprimategi-zigiluarekin. Salamancako Memoria Historikoaren Dokumentazio Zentroaren fitxa baten berri bakarrik daukagu; honela dio: Inprimategi baten jabea. Errepublikazalea.

Orain, ahaztutako emakumezko hura errebindikatzen da historiografian; beste asko bezala, bere eskubideak konkistatu zituen, bere idealak defendatu, eta iritzi publikoan parte hartu zuten gaurkotasuneko gaiei beste ikuspuntu batetik helduta.

Gerrako bidegurutzean desagertu ziren bi emakume elgetarrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak