Gatazkak modu egokiagoan kudeatzen hasteko estrategia berriak, gurasoei eta irakasleei

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko ots. 1a, 10:18

Lur Kabiketa Elgetako guraso eta irakasle taldearekin gatazken kudeaketa lantzen.

Herriko 25 bat lagunek hartu zuten parte Matiz elkarteko bitartekari Lur Kabiketak Herri Eskolan egindako saioan, atzo. Adituak askotariko egoeratan ipini zituen elgetarrak. Azaldu zuen gatazkak hobeto kudeatzen hasteko garrantzitsua dela horien aurrean zer nolako jarrera estiloa dugun ondo antzematea.

"Gatazkak naturalak dira, saihestu ezinak. Baina zerbait negatibo moduan ikusten ditugu, eta lortu beharko genuke aukera moduan ikustea", esan zuen Elgetan Lur Kabiketak. "Garrantzitsua da gatazka egoeratan zer nolako jokaera estiloa dugun identifikatzea; izan ere, seguruenik, etxean ikusitakoa erreproduzitzen dugu. Eta jakin behar dugu seme-alabek ere modu horiek erreproduzitzen ikasiko dutela".

Hainbat gatazka egoeratan ipini zituen bi orduko formazio saiora gerturatutako gurasoak eta irakasleak. "Pertsona batzuk lehiara jotzen dute; irabazi egin nahi dute nola edo hala. Beste batzuk amore emateko joera handiagoa dute. Bada, baita ere, gatazkak saihestu egiten dituztenak, eta azkenik badaude gatazka sortzen denean zer nahi dute modu lasaian azaltzeko gauza direnak. Azken hori litzateke egokiena".

Entzute aktiboa

Ingurukoekin –eta bereziki seme-alabekin– gatazka dugunean zein estrategia erabili azaldu zuen Kabiketak, atzo. Esan zuen komunikazioa dela gakoa, eta horretan oso lagungarria dela heziketa emozionala; emozioak identifikatzen eta adierazten jakitea, alegia. Hala, seme-alabei ere nola sentitzen garen azaltzeko ohitura hartzeko gomendatu zuen.

Umea zerbait azaltzen ari zaigunean, berriz, oso lagungarria da komunikazioa. "Laburbildu esan digun hori ikus dezan benetan entzun dugula esan duena. Zelan ikusten dugun adieraztea ere oso lagungarria da. Esaterako: "Urduri ikusten zaitut" edo "Gaur ez daukazu atzoko irribarrea", esatea...

Pista eta estrategia asko eman zituen Kabiketak Elgetako Herri Eskolan. Orain, poliki-poliki horiek guztiak praktikan jartzea izango da gurasoen eta irakasleen erronka.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak