Erronka garrantzitsuak Ozkarbi elkartean

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko ots. 1a, 10:19
Elkartearen erronka berriak lantzen aritu den zuzendaritza taldea.

Urtebeteko hausnarketa prozesu baten ostean, barra ingurua berritzea, kultura atala sortzea eta gazteendako espazio berri bat zabaltzea onartu dute bazkideek. Horrekin batera, bazkide izateko bideak malgutu egingo dituzte, eta urteko kuota igo egingo dute. Zuzendaritzak udaberrian inauguratu nahi ditu elkarteko espazio berriak.

Ozkarbi elkarteko bazkideek erabaki garrantzitsuak hartu dituzte urtarrilaren 17an egindako batzar orokorrean. Aspaldi honetan elkartea biziraupen egoeran dagoela azaldu dute presidente kargutik irten berria den Maite Mandalunizek eta erreleboa hartu duen Oxel Eros-tarbek. "Ozkarbi elkarte gastronomiko bat baino gehiago izan da beti, eta argi dugu gaur egungo egoerak neurri batzuk hartzea eskatzen duela", azaldu du Mandalunizek.

Lehenengo eta behin, egokitzapenak egingo dituzte estatutuetan. Elkartearen helburuen artean gehikuntza bat egin dute: euskara sustatzeko ekintzak antolatzea, eta horiek dinamizatzeko atal propioa izango du Ozkarbik. "Herriko dinamiketan parte hartzeko moduak pentsatu beharko ditugu orain. Badu-gu herriko eragileekin elkartzeko asmoa; izan ere, egin daitezke gauzak elkarlanean".

Batzarrak, bestalde, bazkide berriak egiteko bideak malgutzea onartu du. "Ume ginela sartzen ginen lehen Ozkarbira, eta, azkenaldian, guraso profileko jendea sartzen da. Askotariko belaunaldien arteko topalekua izan da sorreratik Ozkarbi, eta hori berreskuratu nahiko genuke". Hala, orain arte ez bezala, sarrera kuota bost urteko epean ordaintzeko aukera izango da, eta gazteendako gune berri bat zabalduko dute elkartean.

Gazteendako gune berria

Eraikineko hirugarren solairua egokituko dute 13-18 urte bitar-teko gazteendako. "Leku horrek komunak, sofak, telebista bat, kanpotik ekarritakoak jateko mahai bat, wifi konexioa eta berogailua izango ditu hasiera batean", azaldu du Erostarbek.

Herrian dagoen egoera bati erantzuna emango diotela ere uste dute Ozkarbin. "Guraso diren bazkideen esanetan 13 urtetik gorako gazteak kalean, etxetik irten barik edo Bergarako lokaletan ditugu. Nahiko genuke horiek elkartera erakartzea. Hala, behin-behineko bazkide figura sortu dugu. Urtean 25 edo 50 euroko erabiltzaile-kuota bat eta bazkide ekarpenaren zati bat ordainduko dute. Ideia da adinera iritsitakoan aurreratua izatea bazkide ekarpen guztia edo ekarpenaren zati handiena".

Lanak barra inguruan

Bazkideek azken urteotan elkartean egiten duten kontsumoaren jaitsierarekin ere kezkatuta, beheko solairuko barra inguruari itxura berria ematea onartu dute Ozkarbiko kideek. Altzariak aldatzeko, argiztapena hobetzeko eta gunea margotzeko asmoa dute. "Sortu nahi dugu bazkidea gustura egongo den gune erakargarri bat. Eraikinaren jabeekin harremanetan gaude, eta espero dugu ez dela eragozpenik egongo", azaldu du Erostarbek.

"Erabaki berri hauek guztiek ez dute ziurtatzen konponduko direnik elkarteak dituen arazo guztiak, baina argi ikusi dugu zerbait egin beharra dagoela, eta bazkideen babesarekin arrisku batzuk hartzeko prest gaude", esan du Mandalunizek.

 

Erabaki estrategikoen unea

"Zuzendaritzan sartzerakoan ikusi genuen elkartearen bideragarritasun ekonomikoa arriskuan zegoela, eta horrekin batera sentsazioa genuen galtzen joan direla Ozkarbik sorreratik zituen helburuak. Hau da, elkarte gastronomiko huts bihurtzen ari ginela. Hala, hausnarketa prozesu batean sartu ginen. Ia urte oso bat eman dugu horretan. Galdetu dugu gure inguruko elkarteetan, eta inkesta bat egin dugu bazkideen artean. Sozioen %32,7k erantzun dute inkesta hori, eta adierazi dute bat egiten dutela elkarteak sorreratik dituen balioekin eta misioekin. Esan dute, gainera, herrira zabalik dagoen elkarte bat nahi dutela, eta urtean zehar ekintzak antolatuko dituena".

Ozkarbi elkarteak, gaur egun, 220 bazkide ditu, eta 157 erretiratu erabiltzaile. Guztira, 377 lagunek dute giltza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak