Gatazkak kudeatzen ikasteko gurasoendako saioa, eguenean, Herri Eskolan

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko urt. 29a, 11:10

Orain bi urte Elgetako Herri Eskolan egindako beste formazio saio bat.

Lur kabiketa bitartekari arrasatearrak egingo du formakuntza saioa, eta ikastetxeko zuzendaritzak garrantzitsutzat jotzen du parte-hartzea ahalik eta handiena izatea. Zaintza zerbitzua behar duten familiek ikastetxean eskatu dezakete.

Matiz elkarteko kidea da Lur Kabiketa, eta prest dut Elgetan egitekoa duen saioa. "Gatazkak erabat naturalak dira, eta saihestezinak. Adinaren arabera, mota batzuetakoak edo bestekoak sortuko dira, eta normala eta osasuntsua da gatazkak gertatzea". Kabiketak dio norberaren esku dagoela gatazka horien aurrean ze jokaera hartu. "Egia da kulturalki zein sozialki zerbait negatiboarekin lotzen ditugula gatazkak. Emozio desatseginekin lotzen ditugu. Helburua da hori aldatzea eta gatazkak aukera bezala ikustea. Jarrera aldatzen badugu, emaitza ere aldatu egingo da", azaltzen du.

Elgetako saioan, gatazken aurrean duten jokabidearen inguruan hausnartzera gonbidatuko ditu gurasoak, eta modu egokian kudeatzeko baliabideak emango dizkie. "Normalean, gatazka bat dagoenean nahi duguna da irabaztea. Eta jakinekoa da norbaitek irabazten duenean beste batek galdu egiten duela. Posible da, ordea, bi aldeek irabaztea, eta gure helburua izango da irabazi/galdu eskematik irabazi/irabazi eskemara pasatzea".

Emozioen lanketa

Kabiketaren esanetan, zeregin horretan ezinbestekoa da emozioak lantzea. "Emozioak identifikatzen ikasi egiten da, eta emozio bakoitzak zein jokaera eragiten didan ulertzen ere ikasi egiten da. Gehienetan, haserreak edo amorruak agresibitatera eramaten gaitu".

Adituak azaltzen du gatazken aurrean batzuen jokabidea lehia dela, baina badagoela arazoa saihesteko joera duenik ere. "Batzuk oihuka hasten dira besteen gainetik jartzeko helburu horrekin, baina beste batzuek nahiago izaten dute gatazka ezkutatu edo alboratu. Nola edo hala kontua baretzea, alegia. Baina, noski, horrelakoetan ez dugu gatazka konpontzen eta berriz gertatzen da irabazi/galdu eskema, gainera. Bilatu behar duguna da irabazi/irabazi formulara iristea".

Irtenbide negoziatuak, entzute aktiboa eta emozioen kudeaketa aipatzen ditu Kabiketak, eta horretarako teknikak eskainiko ditu hilaren 31ko saioan.

Eredu egokien bila

Helduok eredu egoki ote garen galdetuta, herren gabiltzala erantzun du adituak. "Gertatzen dena da ez digula inork erakutsi, eta orain arte nork bere moduak aurkitu behar izan dituela etxean, telebistan edo inguruan. Horregatik, normalean, ez dugu ondo egiten. Zalantzarik gabe, ikasi beharra daukagu".

Neska-mutikoen arteko gatazketan nola esku hartu behar den ere azalduko du hilaren 31ko saioan.Saioan parte hartzeko umeendako zaintza zerbitzua behar duten gurasoek eskatu egin dezaketela gogorarazi dute.

Parte hartzeko dei berezia familiei

Eskolako zuzendaritzak jakinarazi du garrantzitsua dela familiek formakuntza saioan parte hartzea eta, askotan, halakoetara oso jende gutxi joaten dela. "Eskola Bizikasi programan sartuta dago eta aurtengo helburuetako bat familien sentsibilizazioa da. Aurreko ikasturtetik ari gara lanean –irakasleen formakuntza, mintegiak, BAT taldearen sorrera...–. Saioan landuko dira, besteak beste, gatazken zikloa zein gatazketan parte hartzen duten pertsonak eta emozioak".

Gaineratu dute Bizikasi programaren helburua dela giro eta elkarbizitza positiboa sortzea eta gerta daitezkeen jazarpen egoeren aurrean tolerantziarik izango ez duen testuinguru segurua eraikitzea.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak