Nola lantzen da kontalaritza 8 urte inguruko neska-mutikoekin?
Batez ere jolasaren bitartez; izan ere, jolasa da beraien hizkuntza. Eta ipuinen mundua sartuta saiatuko gara naturaltasuna eta bat-batekotasuna lantzen. Gauzak nola esan luzaroan landu beharrean saiatuko gara norberak adierazteko duen gaitasun naturala balioan jartzen.
Garrantzitsua da adin horretan kontalaritza lantzea?
Noski. Ipuinak hezigarriak dira, eta ez bakarrik haurtzaroan. Ipuin batera gerturatzeko era asko daude: irakurketa, istorioen sormena, transmisioa... Erakusten dute diskurtsoak eraikitzen, istorioak egituratzen, entzuten, hizkuntza erabiltzen…
Nolakoak izango dira zure saioak?
Umeak izango dira protagonista, eta nik tartekari lanak egingo ditut. Kontalaritzan esperientziak trebatzen du eta teoria gutxi dago.
Otsailaren 1ean txikiagoekin egitekoa duzun saioan berdin jokatuko duzu?
Kontatzen jarriko ditut, baina gurasoekin. Niretzat ere adin tarte berria da eta uste dut garai horretan beste komunikazio modu batzuk dituztela. Ez da beti hitzaren garaia izaten eta uste dut gurasoen laguntzak erraztu egingo dituela gauzak bide horretan.
Adin horretan umeek dutena da irudimen handia, eta oso erraz sartzen dira ipuinen munduan. Istorioak egituratzeko gaitasuna, ordea, ez daukate. Estrukturazio lanak egiteko eskatu dut gurasoen laguntza eta gauza oso politak atera daitezkeela uste dut.