Elgetako EH Bildura oharra osorik:
"2018ko azken osoko bilkurara oposizioko zinegotzirik etorri ez eta komunikabideek horren balorazioa eskatutakoan, uko egin genion. Oso erraz jarri zigun Gu Geuk bidea, baina hala ere nahiago izan genuen ez ematea haizerik egoera kafkiano horri. Auzo lotsa sentitu dugu, ordea, Gu Geuko bozeramalearen hitzak irakurtzerakoan. Eta gure balorazioa eta iritzia plazatu nahi dugu.
2019rako aurrekontuen lanketari, urtero legez, azaroan ekin genion. Bi ogasun batzordetan azalpenak eman ditugu, eta proposamenak eskatu dizkiogu oposizioari. Noski 2019rako aurrekontua ez dela elkarlanean egin. Oposizioak ez duelako nahi izan. Erantzuna pasotismoa izan da. Ez zaie axola, ez da beraien ardura. Horren adierazle nabarmena da aurrekontuak herritarrekin partekatzeko bilerara Gu Geu taldeko inor etorri ez izana, edo aurrekontuak onartu behar ziren osoko bilkuran oposizioko zinegotzirik egon ez izana. Egoera eta karga pertsonalak ulertuta ere, aurrekontuak onartu behar diren plenoan oposizioko zinegotzi bat ere ez agertzea harrigarria dela uste dugu.
Aurrekontu proiektua irakurri ere egin gabe, balorazio automatikoa du Gu Geu Elgetak. Ekarpenik egin ez eta zalantzak dituztela, ez dutela garbi ikusten, ez dela elkarlanean egin... Aurrekontu proiektua oso garbia da, ikusten oso erraza. Udal honetan diru falta badago ez da sarrera nahikoa ez dugulako. Aurreko agintaldietan egindako kudeaketa txarraren ondorioak ordaintzen ari garelako baizik. Hori da, tamalez, udal gobernu honen zeregin nagusia. Milioi bat euro gastatu beharko dugu EH Bildu agintean egon den agintaldi honetan aurreko gobernuek eragindako kalteak ordaintzen".