Zoila Askasibarren pistaren atzetik, Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2018ko abe. 21a, 13:28
Inprimatzaile eta editore elgetarra, Madrilen. Iturria: 'Alrededor del mundo' aldizkaria (1923/12/15).

Angeles Ezama ikertzaileak eman du 1877an Elgetan jaiotako emakume honen berri. Gutxi da, oraingoz, Zoila Askasibarri buruz aurkitu dena. 40 bat langileko inprenta baten jabe izan zen Madrilen, eta zaintzapean zegoen errepublikazalea izateagatik.

Une honetan, gehiago dira galderak erantzunak baino. Dagoen informazio apurrak, ordea, argi erakusten du ikertzeko moduko figura dela Zoila Askasibar. Ezama artxibategitik artxibategira dabil datu gehiago bildu nahian, eta oinordekoek senitarteko gehiagoren bilaketan dihardute pista berriak zabaldu guran. 

Inor gutxik zuen Elgetan Zoila Askasibarren berri, eta ikertzen jarraitzeko denbora behar da. Agiritegietan aurkitutako datuen arabera, 1877an jaio zen Zoila Askasibar, Elgetan eta Angiozarren kokatzen da familiaren jatorria. Hogei bat urterekin egin zuen Zoilak Madrilera, bere ahizpekin. 

Madrilgo erroldaren arabera, neskame zegoen Manuel Alhama Montes kazetariaren eta inprimatzailearen etxean, 1905ean. Hurrengo datua 1915eko erroldakoa da. Soldatapeko langile moduan agertzen da, eta Mariano Graciarekin ezkonduta. Alhamaren inprentako langile izango zen?

Hipotesiak hipotesi, 1923an Zoila Ascasibar izeneko inprimategiko jabe moduan agertzen da Alrededor del mundo aldizkariko artikulu batean. Enpresa 40 bat langile izatera heldu zen, Madrilgo Martin de los Heros kaleko 65. atarian zegoen kokatuta, eta elgetarra gaineko solairuan bizi zen. Askotariko argitalpenak inprimatzen zituzten: aldizkari espezializatuak, satirikoak, politikoak... baina, bereziki, artearekin lotutakoak.

1924koak dira Zoila Ascasibar zigilupean kaleratutako lehen argitalpenak. 1925etik aurrera, gainera, argitaratzaile ere izan zen elgetarra.

Argitzeko asko oraindik ere

1931ko urtarrilean, gas eztanda bat izan zen inprimategian. Orduko prentsaren arabera, Antonio Cabanillas izeneko gizonezko batek eragin zuen, eta bertan hil zen. Ezamak dio nolabaiteko harreman komertziala zuela elgetarrarekin.

Sutearen ondorioz inprimategia kale bereko beste eraikin batera aldatu zuten, eta bada gertaera hari atentatu itxura hartzen dionik ere. Negozioak martxan jarraitu zuen eta Zoila Ascasibar zigilupeko argitalpenak agertzen dira 1936ra arte. Ordutik aurrerakorik ez da ezagutzen.

Salamancako memoria historikoaren dokumentazio zentroan agertu den fitxa batek jasotzen du errepublikaren aldekoa zela Askasibar, eta agintari frankistek gertutik zaintzen zutela.

Emakume ezezagun bezain interesgarri horren pistaren atzetik jarraitzen dute, Elgetan. Ikerketak fruitu interesgarriak emango ditu, ziur.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak