Askotariko produktuak eskainiko dituzte eskolako umeek plazan, barikuan, 09:30etik 11:00etara. Haien eskutik etorriko da Gabon giroa. Arratsaldean, udal ordezkariek eta erretiratuek urteroko bisita egingo dute Bergarako Mizpirualde egoitzara.
Ludotekan, berriz, Gabonetako tailer irekiak egingo dituzte egunotan. Bihar, eguena, 2-6 urte bitarteko neska-mutikoendako egongo da zabalik zerbitzua,17:00etatik 19:00etara. Barikuan, berriz, 7-12 urteko umeen txanda izango da.
Herriko musika ikasleek ere barikuan egingo dute Gabonetako emanaldi berezia, Espaloian. 19:00etan hasiko da.
Olentzero eta Gabon kantak
Domekan, hilak 23, jaitsiko da Olentzero Intxortatik eta 18:30ak aldera iritsiko da. Aurretik, neska-mutikoendako apaingarriak egiteko eskulan tailerra dago antolatuta plazan. Olentzero eskutitzak jasotzera eta Elgetako neska-mutikoekin elkartzera etorriko da. Urteroko bisita du eta aurten ere egingo duela iragarri du.
Astelehenerako, hilak 24, Gabon kantak abesteko gonbidapena luzatu dute Maala guraso elkartetik. Taldea 11:00etan abiatuko da Herri Eskolatik, eta eguerdian txorizoa eta salda banatuko dituzte plazan.
Kantsatzeke mendi taldetik Eguberri egunerako egin dute proposamena. Intxortara igotzeko plana egin dute plazatik 11:00etan abiatuta. 11:30ak bueltan txorizoa banatuko dute tontorrean.
Liburutegitik, azkenik, Liburu bat opari lehiaketa antolatu dute. Lehiaketa berria da eta arauak ikusgai daude udal liburutegiaren webgunean.