Bete egin da udaletxeko areto nagusia Manolo Cainzosek Elgetako historiari buruz egindako liburuaren aurkezpenerako

Larraitz Zeberio Lekuona 2018ko aza. 28a, 22:09
Manolo Cainzos 'Elgeta lehen eta orain' liburua aurkezten.

Ordu eta erdiko berbaldian Elgetako historiaren laburpena egin du egileak, eta hiru urteko lanketan egindako aurkikuntza nagusien berri eman du. Udalak, esker onez, plaka bat oparitu dio. Iraitz Lazkano alkateak eman dio Cainzosi ekitaldi amaieran.

Elgeta lehen eta orain liburuaren aurkezpenak ikusmina sortu du herrian, eta gaur iluntzean bete egin da udaletxeko areto nagusia Manolo Cainzosen aurkezpen ekitaldia entzuteko. Liburuak jasotzen dituen eduki nagusien errepaso azkarra egin du, eta hainbat aurkikuntza nabarmendu ditu. Lan lerro berriak ere aurkitu dituela aipatu du Cainzosek, eta aipatu ditu Elgetako eskolaratzearen inguruko gaiak.

Ekitaldi amaieran plaka bat eman dio Iraitz Lazkano alkateak herriari buruzko liburua idazteko egindako lanketarengatik, eta baita ere udal artxiboa txukuntzeko egindakoagatik.

Aurrerantzean, liburua Julian Markiegiren kioskoan egongo da salgai hogei euroko prezioan. Gaurko ekitaldi amaieran hainbat saldu ditu Cainzosek. Bat baino gehiago sinatu ditu, gainera.

---

Manolo Cainzos: "Lehengo Elgeta ezagutzea oraingo identitatea sendotzea ere bada"

Hiru urte dira Manolo Cainzosek Elgetako Udal Artxiboa berrantolatzeko lanean diharduela. Hainbat dokumentu pasa dira bere eskuetatik eta pilatutako informazioa liburu batean jasotzeak pena merezi duela iritzita jaio da Elgeta lehen eta orain. Horrela azaldu du Goienak egindako elkarrizketan. 

 

Zer dakar liburuak? 
Gehienbat herriaren historia bere sorreratik. Ingurune naturala, giza taldeen egitura, historiako pasarte garrantzitsuenak, herriak emandako pertsonaia esanguratsuenak, Elgetako ondare artistikoa eta arkitektonikoa... Askotariko eremuak jasotzen saiatu naiz.  

Eta Elgetaren historian zein mugarri nabarmenduko zenituzke? 
Lehenengo eta behin 1335. urtean Alfonso XI erregeak aitortutako hiri gutuna, hori baita abiapuntu nabarmenena. Gero, hainbat guda izan dira Elgetako lurretan. Azkena dugu bereziki gogoan, baina Ahaide Nagusien arteko borrokak, Konbentzio gerrak eta Karlistaldiak ere eragin handikoak izan dira herrian. Horrelakoetan suteak, goseteak eta izurriteak izan dira Elgetan, eta eragin handia izan dute.  

Herriko hainbat pertsona entzutetsu ere aztertu dituzu zure lanketan. Datu berri ugari aurkitu dituzu? 
Batzuk bai. Ikaragarri pozik nago Domingo Iturbe ongilearen inguruan egindako aurkikuntzekin. Haritik tiraka ibili naiz eta aurkitu dut Bolivia inguruan ibili zela. Gero, herrira itzuli eta hainbat egitasmo gauzatu zituen oinordetzaz jasotako ondasunek lagunduta. Aipatu nahiko nuke baita ere Maria Angela Telleria. Durango bizi zen elgetarra eta preso zeuden hainbat soldaduren ihesaldia ahalbidetu zuen frantsesen aurkako gerran, XIX. mende hasieran.

Ikertzen jarraitzeko lan lerro berriak aurkitu dituzula esango nuke.
[Barre] Bai. Hasita nago lanean, gainera. Informazio ugari aurkitu dut herriko eskolaratze prozesuen inguruan. Nire esparrua da, eta asko interesatzen zait. Uste dut badudala lana hor.

Erlazionatuak

'Elgeta lehen eta orain' liburuaren aurkezpena

Larraitz Zeberio Lekuona 2018 aza 28 Elgeta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak