Haizea tabernako 'Haize Goxua' pintxoak irabazi du Elgetako XI. Pintxo Lehiaketa

Larraitz Zeberio Lekuona 2018ko aza. 11a, 20:00

Lau ostatuk pintxo bana aurkeztu dute lehiaketara eta berdinketa bat egon da epaimahaiko kideek emandako puntuazioaren baturan. Horrelakoetan zaporearen atalean lortutako balorazioak erabakitzen du, eta Bittor Gallastegirendako eta Haizeako lan taldearendako izan da txapela.

Pintxo landuak aurkeztu dituzte lehiaketara Maialde landetxeak, Rincon de Lola jatetxeak eta Bolatokia zein Haizea tabernek. Epaimahaiko hiru kideak tabernaz taberna  ibili dira guztiak dastatzen eta baloratzen. Hain zuzen ere, epaimahaia osatu dute Pedro Mari Uberak (Xalbadorpe erretiratuen elkartea), Enara Merinok (Maala guraso elkartea) eta Ainhoa Zeziagak (Elgetako emakume taldea). 

Lau pintxoak baloratu eta antolatzaileek puntuen batuketa egin dutenean berdinketa bat egon da. Orduan, zaporearen atalean lortutako puntuazioak erabaki du, eta Haizea tabernako Haize goxua pintxoa izan da irabazlea.

Bittor Gallastegik eta Haizea tabernako lan taldeak 14:15ak bueltan jakin dute epaiaren berri, Jainaga eta Narbaiza trikitilariak tabernan sartzen sumatu dituztenean. Atzetik zetozen epaimahaiko kideak irabazleari dagokion txapelarekin, eta lehiaketako antolatzailea den Elgetako Udalaren ordezkariak.

"Ez genuen saria espero, eta beti da pozgarria. Saiatzen gara lehiaketarako zerbait txukuna egiten. Etxeko guztien artean joan gara Haize goxua pintxoa sortzen. Gustukoa izan bada, gu pozik", esan du Gallastegik txapela jantzi eta gutxira.

Egunean zehar bestelakoak ere izan dira Elgetan, gaur. Emakumeen Master Cup Txapelketako kanporaketak jokatu dira goizean frontoian eta Jose Antonio Ojangurenek argazki erakusketa zabaldu du zeramika gelan. Euskaraldia batzordeak ere gaur ekin dio ahobizi zein belarriprest txapen banaketari.

Publikoaren saria hurrengo domekan

Hurrengo domekan berriz eskainiko dituzte lau pintxoak lau tabernetan, eta publikoak izango du hitza. Pintxoek zein osagai duten asmatzeko lehiaketa ere izango da aurten. "Gure pintxoak badu osagai sekretu bat", aurreratu du Gallastegik. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak