Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentuak, 2017ko uztailean, 13.003,97 euroko diru-laguntza iragarri zuen Elgetako kiroldegiko aldagelak berritzeko. Hitzarmenaren zirriborroko seigarren puntuan ipintzen zuen Elgetako Udalak bi hizkuntza ofizialen erabilera bermatu beharko zuela diruz lagundutako jarduerako zerbitzuetan. Horrek, herriko hizkuntza politika aldatzera derrigortzen zuela-eta seigarren puntu hori moldatzea erabaki zuen Elgetako Udalak, hurrengoa jarrita: "lagundutako jarduera eta programen inguruko adierazpenetan euskara bermatzea, beti ere herritarren hizkuntza eskubideei kalterik egin gabe". Zirriborroa elebitan zegoen eta euskara hutsean bidali zuen Udalak.
Gerora, sare sozialetan piztu zen eztabaida. Iraitz Lazkano alkateak idatzitako txio bati erantzun zion Denis Itxasok, esanez, Elgetako Udala zela hitzarmena sinatu nahi ez zuena eta Aldundiaren betebeharra zela hitzarmena elebitan egitea. Hurrengo erantzun ofizialean hitzarmenaren tramitazioa errazteko eskatu zion Udalari, "hitzarmen horrek berekin dakarren etekina arriskuan jarri gabe".
Uema eta Behatokia, Udalarekin
Bai UEMAk eta baita Hizkuntz Eskubideen Behatokiak ere Elgetako Udala babestu dute Denis Itxaso oker dagoela adieraziz. Izan ere, euskarazko erabilpena arautzen duen 10/1982 Oinarrizko Legeak eta Aldundiko Foru Dekretuak arautzen dute euskara hutsean hitzarmenak eta komunikazioak egiteko aukera,eta betebeharra Udalak espresuki horrela eskatuko balu.
Gauzak horrela, azaroaren 5ean Denis Itxaso, Goizane Alvarez eta Iraitz Lazkano elkartu ziren eta hitzarmena euskara hutsean sinatu zuten. Elgetako Udalak jaso du diru-laguntza dagoeneko.