Gero eta korapilo handiagoa, kiroldegiko aldageletarako diru-laguntza hitzarmenarengatik

Larraitz Zeberio Lekuona 2018ko urr. 19a, 14:00

Udalaren hizkuntza irizpideak urratzen dituelakoan Elgetako udal agintariek ez dute Denis Itxasoren departamentutik birritan elebitan jasotako hitzarmena sinatuta nahi. Itxasok argudiatzen du, ordea, diru ekarpen bat egiten duenean Aldundia dela hitzarmena prestatzen duena, eta gaineratzen du: "Elebitan egitea da gure betebeharra".

Ekainetik dator kontua. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentuak 13.000 euroko diru-laguntza iragarri zuen Elgetako kiroldegiko aldagelak berritzeko. Istilua diru-laguntza hori gauzatzeko alde biek aurrez sinatu beharreko hitzarmenak eragin du. Lanak, gaur egun, amaituta daude eta Elgetako alkate Iraitz Lazkanok jakinarazi duenez ordainduta ere bai.

"Ekainean iritsi zitzaigun hitzarmen zirriborroa. Bi hizkuntzatan iritsi zen —euskaraz eta gazteleraz— eta seigarren puntuan ipintzen zuen Udalak bi hizkuntza ofizialen erabilera bermatu beharko zuela diruz lagundutako jarduerako zerbitzuetan. Neurri batean, gure hizkuntza politika aldatzera derrigortzen gintuzten", azaldu du Lazkanok.

Elgetako Udalak zirriborroa moldatu eta bueltan bidali zuen Diputaziora, ekainaren 5ean. "Euskara hutsean eta seigarren puntu hori aldatuta itzuli genuen. Moldaketa horretan jaso genuen lagundutako jarduera eta programen inguruko adierazpenetan euskara bermatuko genuela, beti ere herritarren hizkuntza eskubideei kalterik egin gabe. Horrela dugu jasota Euskara Planean. Ba ekainaren 5etik abuztuaren 2ra arte ez dugu inongo berririk eduki eta hamar bat aldiz egongo nintzen telefonoz departamentu horretako teknikariekin", esan du alkateak. "Abuztuaren 2an etorri zitzaigun bueltan hasiera bateko zirriborroa, kasu honetan Denis Itxasok sinatuta. Hau da, ez zioten guk bidalitakoari kasurik egin, eta erantzunik eta azalpenik eman gabe hasierakoa bidali zuten berriz".

Alkateak kexa batekin erantzun zuela azaltzen du, eta ez duela oraindik erantzunik jaso. "Ordutik ez dugu inongo berririk eduki eta saiatu gara Elgetatik harremanetan jartzen. Itxura denez dezenteko kaosa sortu da kontu honek".

Diputazioaren erantzuna

Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentuko prentsa bulegotik adierazi dute Elgetako Udala dela hitzarmena sinatu nahi ez duena. "Guk sinatu dugu. Beste kasu guztietan egiten dugun bezala hitzarmena elebitan dago eta sinatu dugu".

Sare sozialetan izandako elkartruke batean Denis Itxasoren hitzak izan dira: "Sinatuta dago hitzarmena aspalditik. Elebitan, dokumentu ofizial guztiak bezalaxe. Zergatik ez duen Udalak sinatu nahi ez dakigu. Diru ekarpen bat egiten duenean, Aldundia da hitzarmena prestatzen duena, eta elebitan egitea da gure betebeharra".

Udalak euskarazkoa sinatu gura du

"UEMAko herri bezala eskatuta daukagu Euskal Herriko administrazioekin egiten ditugun komunikazio guztiak euskaraz egitea nahi dugula. Ez dugu gure hizkuntza irizpideen eta legearen kontra doan hitzarmenik sinatuko. Ez da egia legeak Diputazioa elebitan jardutera behartzen duenik. Zentzu horretan Denis Itxaso oker dago", esan du Lazkanok. Azaltzen du legeak behartzen duela Diputazioa euskaraz jardutera. "Orain arte jaso ditugun diru-laguntzetarako ez dugu hitzarmenik sinatu izan, eta bidaltzen dugun dokumentazio guztia euskara hutsean bidaltzen dugu. Ez digu inork esan gure jardueretan bi hizkuntzak erabiltzera behartuta gaudenik. Baserri bideak egiteko Landa Garapeneko diru-laguntza lortu izan dugunean ez zaio inori okurritu  baserritarrekin bi hizkuntzetan hitz egin behar dugunik esatea".

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak ere adierazi da kontu honetan. Denis Itxasori eskatu dio jakinarazteko edo argitzeko zein araubidek ezartzen dion Diputazioari hitzarmen hori elebitan egitera.

Hitzarmeneko seigarren puntua

Halaxe dio Diputazioak elebitan bidalitako hitzarmenak seigarren puntuan: "Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabilera bermatzea diruz lagundutako jarduera eta programen inguruko adierazpen guztietan GFAren eta bere organismo autonomo jarduera esparruan euskararen erabilera normalizatzeko 2013-2017 aldirako planaren arabera (2014ko abenduaren 31n Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuta)".

Elgetako Udalak egindako moldaketa da: "Lagundutako jarduera eta programen inguruko adierazpenetan euskara bermatzea, beti ere herritarren hizkuntza eskubideei kalterik egin gabe".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak