Laugarren ikasturtea du honako hau Elgetan Berbetan egitasmoak. Talde batzuek eman diote hasiera ikasturte berriari, eta beste batzuk hastear daude. "Hogei bat kide egongo dira, oraingoz, izena emanda. Bi mintzalagun talde daude osatuta, eta hamar bat kide izango dira, guztira. Hikalagun taldea eguen arratsaldeetan elkartuko da, eta bost bat lagun dira. Mintza-kuadrilla bat ere badaukagu. Hiru kide dira, eta lagun talde berekoak. Astean behin euskaraz jarduteko konpromisoa hartu dute", azaldu du Elgetan Berbetan egitasmoko dinamizatzaile Geaxi Ezpeletak.
Taldeen berrantolaketa bat izan dela adierazi du Ezpeletak; izan ere, egitasmoak parte-hartzaile egonkor batzuk baditu ere, beti egoten dira sarrerak eta irteerak. Uste du gaurko aurkezpena aukera aproposa izan daitekeela jarduerari buruzko informazio gehiago nahi duten herritarrendako. 18:00etan egingo dute, kultura etxeko balio askotariko gelan.
Bidelagunak behar dira
"Elgetan bidelariak ditugu, gehienbat, eta komeniko litzateke euskaraz jariotasunez berba egiten duen jendea gerturatzea", esan du. Izen-ematea zabalik da eta gerturatzen den jendearen ezaugarrien arabera martxan dauden taldeak osatuko dituzte edo berriak sortuko dituzte. "Ordutegien arabera parte-hartzaileen beharretara egokitzen saiatzen gara", adierazi du Ezpeletak.
Mintza-ekintza bateratuak
Aurreko urteetan bezala, Elgetako mintzalagun programak bat egingo du bailarako gainerakoekin, eta mintza-ekintza bateratuak antolatuko dituzte. Domekan egingo dute lehena, Urretxura, eta bi hilean behin antolatuko dituzte antzerakoak.
Irteera horietan, Elgetako berbalagunek aukera izaten dute beste herri batzuetako mintzalagunekin elkartzeko.
Pintxo-potea eta Hitzez Pitz
Iaz sortu zuten dinamika, eta hilean behin egueneko pintxo-poterako egiten dute hitzordua berbalagunek. Hitzez Pitz liburutegian egiten dute, eta literatura testu aukeraketa batean oinarritutako solasaldiak izaten dira. "Helburua da berbalagun taldeen eremu txiki horiek zabaltzea poliki-poliki, eta euskaraz berba egiteko eremu handiagoak sortzen joatea. Pintxo-pote dinamikan talde ezberdinetako berbalagunak elkartzen dira, eta Hitzez Pitz saioetan berbalagun ez diren herritarrek ere parte hartzen dute".
Proposamen berri aurten
Ekimen berria jarri du martxan, aurten, Udalak. Euskara ia hutsetik ikasten hasi nahi dutenendako saioak, hain zuzen ere. Oraingoz, bi lagun daude izena emanda, eta helburua da mintzalagun talde batean sartzeko gutxieneko mailarik ez duten horiei alternatiba bat eskaintzea. "Gerturatzen den jendearen arabera formulatuko dugu talde horren dinamika", esan du Geaxi Ezpeleta dinamizatzaileak. "Auzoko egitasmoarekin antzekotasun handiak izan ditzake, baina parte-hartzaileen jatorria hainbeste kontuan hartu gabe. Egon daiteke jendea sasoi batean euskara ikasi baina galdu duena edo datozen lekutik datozela ere euskarara hurbildu nahi dutenak".
Interesatuek hainbat bide dituzte izena emateko: liburutegira joanda eta berbetan@elgeta.eus zein 688 72 96 03 bide