Erregimen frankistak 1974ko martxoaren 2an hil zuen Salvador Puig Antich. Tribunal militar batek epaitu zuen kataluniako militante anarkista tiroketa batean Francisco Anguas Barragan polizia hil izana leporatuta. Erregimenak indarra erakutsi nahi zuen Carrero Blancoren hilketaren ostean eta garrotez aplikatzen den heriotza-zigorra ezarri zioten Puig Antich-i. Europako herrialde askotan antolatu ziren exekuzio haren aurkako protestak.
Presondegiko zaintzaile izandako Jesus Irurre eta Puig Antich irudikatu dituzte Comunicado de muerte antzezlanean Banarte taldeko Rafael Hercek eta Mikel Uriguenak. Batak mundu hobe baten alde egin du borroka eta laster hilko dute. Besteak bizirautea du helburu eta beldurrez bizi da.
Elgetako Udalak antolatu du antzezlana eta 30 bat lagunen aurrean egin dute emanaldia Banartekoek. Bertan, garaiko Nodo pasarteak ikusteko aukera ere egon da.
Benetan sortu zen adiskidetasun harremana Puig Antich eta Irurreren artean. Irurre hainbat eskolatan izan da Puig Antich-en ingurukoak azaltzen, gerora.
Puig Antich-en figura ekarri nahi izan dute gogora Elgetan frankistek Intxortako frontea eraso izan zuten 82. urteurreneko ekitaldietan. Goizean, antzeztutako bisita gidatua ere egin dute.