Intxortako frontea zelakoa izan zen irudikatzeko 30 bat boluntariok bisita antzeztua eskaini dute

Larraitz Zeberio Lekuona 2018ko urr. 7a, 13:06

Beste hainbeste lagun izan dira bisita berezia ikusten. Gerra garaiko pasarteak ikusi eta entzun dituzte, orduko material ugari erakutsi zaie, eta borrokaldian gako izan ziren hainbat gertaera aurkeztu zaizkie.

Hamarrak jota abiatu da Intxortako ibilbide tematikoan egiten duten laugarren bisita antzeztua. Urriaren 4an bete ziren 82 urte frankistek Intxortako fronteari eraso egin ziotela. Borrokaldi latza izan zen eta ihes egin behar izan zuten herritar ugarik; izan ere, bi lerroen artean gelditu ziren harrapatuta.

Gertaera haiek gogora ekartzeko bi ekitaldi antolatu dituzte gaurko Elgetan. Lehenengoa, 30 bat boluntariorekin Intxorta 1937 kultur taldeak Elgetako Udalarekin elkarlanean prestatutako bisita antzeztua izan da.

Nerea Villak egin ditu gidari lanak eta gerturatu diren 30 bat lagunei nazioarteko prentsa agiri bana eman die. "Gerran gaude eta eskatzen badizuete agiri hau erakutsi beharko duzue". Olatzako bidean erakutsi behar izan dute anarkista talde batekin egin baitute topo.

Gerra garaiko egoera ugari

Mendizaleen Plazan eman diote hasiera ibilbideari. Erizain taldea zegoen bertan eta ihesi iritsitako emakume bat nola artatu duten ikusi dute bisitariek. Azaldu duenez Hernanitik zetorren alaba txikiarekin tiroetatik ihesi. Gainera, seme-alabak eta gizona non zituen ez zekien.

Antzerako pasarte ugari ikusi dituzte bisitariek. Asentzion frankista taldea ikusi dute, lubaki gunean gudari eta miliziano taldea eta La Belga izeneko posizioan atzerritik etorritako defendatzaile internazionalistak. Salbador ermitan aginte-postua egon da eta baita ere kanpaleku bat eta mortero posizio bat.

Antzerkia, 19:00etan

Urteurreneko ekitaldien barruan 19:00etan Comunicado de muerte antzezlana eskainiko du antzokian Abadiñoko Banarte antzerki taldeak.

Bartzelonako Modelo kartzelan preso egondako Salvador Puig Antich militante anarkistaren eta presondegiko funtzionario Jesus Irurreren arteko adiskidetasun harremanean oinarritzen da antzezlana. Rafael Hercek idatzia, hainbat sari jasotakoa da.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak