Xabier Paya: "Bada euskara jakin gabe euskararen alde lan handia egin duen jendea"

Larraitz Zeberio Lekuona 2018ko urr. 8a, 09:00

Xabier Paya.

Elgetako Euskaraldia batzordeak gonbidatuta eguaztenean Ama no sabe euskara izeneko hitzaldia egingo du Xabier Payak udaletxeko areto nagusian, 19:30ean. Gazteleraz egingo du hitzaldia; izan ere, bada euskara jakin gabe euskararen alde lan handia egin duen jendea. Aitortza hori egiteko dagoela uste du Payak.

Nori zuzendutako hitzaldia da Ama no sabe euskara

Askotan ematen du hizkuntzari buruzko gogoeta egiten dugula hizkuntza gehien dauzkagunok. Bada, hitzaldi hau gaztelaniaz egingo dugu eta nagusiki euskara ulertzen ez duten horientzat.

Euskaldunentzako ere aberasgarria izango da hizkuntza aniztasunari buruz arituko garelako eta gehiago edo gutxiago baina guztiak ditugulako ez euskaldunak gure inguruan. 

Anaiak esaten du aztertu beharko genukeela azken hamarkadetan nork egin duen gehiago euskararen alde; euskara dakitenek edo ez dakitenek. Hiru Payatar gaude gaur egun euskaraz dakigunak eta gure ekarpena egiten dugu gure ama ez euskaldunak —aitarekin adostuta, noski— erabaki zuelako guk euskaraz jakitea, eta gainera bultzatu zuelako gugan euskara hizkuntza praktikoa, erreala eta bizia izatea.

Euskaraldia garai honetan ezinbestekoa da azpimarratzea zein garrantzitsua den euskaraz ez dakiten horiek ere ez ahaztea. Euskararen alde asko egin duen gizarte zati bat dago hor.

Nolako saioa planteatzen duzu? 

Parte-hartzailea eta ludikoa izateko prestatu dut. Hainbat pantailarekin hasiko naiz non parte-hartzaileek esaldi desberdinak irakurriko dituzten. Esaterako: "Nahiago dut mediku on bat mediku euskaldun bat baino", eta antzerako batzuk izango dira. Bertaratutakoei eskatu diet esaldia gustuko badute txalo egiteko eta bestela txistu egiteko.

Aurreiritzien kudeaketa ere egingo dut. Hizkuntza kudeaketan aurreiritziek pisu handia dute, eta adibide zehatzekin azalduko dut hori.

Zein da euskal hiztunak ez direnei bidali nahi diezun mezua?

Zero ezagutzatik euskararen alde lan handia egin duen jende bat badago, eta horiek ahaztu egin ditugu. Horietako bat da gure ama. Zergatik erabaki zuen guk euskaraz ikastea berak jakin gabe? Etxe batzuetan euskara behetik gora dator, umeek eramaten dutelako etxera… Kasu horietan zein berezitasun ematen dira? Hizkuntza nahasketa hori ona edo txarra da? Hitzaldian gure bizitza kontatuko dut. Motibazioei eta hizkuntzen kudeaketari buruz hitz egingo dugu. 

Zergatik ahaztu ditugu multzo horretako pertsonak?

Getxon bizi zarenean oso zaila da komunitate hori ez ahaztea; izan ere, inguruan dituzu eta oso presente daude. Elgeta moduko arnasguneetan eta nagusiki euskara baliatzen bada egia da ez daudela hain presente eta gutxiago ikusten ditugula. Egia da ahaztu ere egin ditugula, batzuetan.

Hemen galdera da zerk eramaten du pertsona bat berea ez den hizkuntza baten alde egitera? Zein da motibazioa?

Garrantzitsua da gizarteko sektore horretan ere eragitea. Euskal gizartea aldatzen ari da. Migratzaile kopurua handitzen ari da, eta ezinbesteko gogoeta da honakoa. Dudarik gabe Euskal Herriaren etorkizun onena euskarak zentraltasuna duen eleaniztasuna da, baina horretarako argi izan behar dugu komunitate ez euskaldunak gurera erakarri behar ditugula. Irribarre handi batekin lortzen da hori, eta jakinik hizkuntzaren kudeaketak badituela bere gorabeherak. Ez da beste software bat instalatzea bezain erraza.

Eleanitza den gizarte batek berezitasun handiak ditu?

Eleaniztasunak baditu gauza batzuk zailagoak direnak. Azken batean pertsona bati eskatzen diogu bi hizkuntza jakiteko eta kudeatzeko. Ez da lan bikoitza, baina bai lan handiagoa.

Gure gizartean norbaitek bere ondorengoei %100eko etorkizuna eman nahi badio ezinbestean euskara ikastera bideratu behar ditu.

Demagun Elgetan hiru kultura ekintza daudela aste bukaeran, bi euskaraz eta bat gazteleraz. Pertsona horrek bi hizkuntzak ezagutzen baditu nora joan erabakitzeko aukera izango du. Bestela ez.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak