Kike Amonarriz: "Elgetan daukazuen egoera leku gutxitan ematen da"

Larraitz Zeberio Lekuona 2018ko ira. 19a, 13:04

Kike Amonarriz, atzo, Elgetako udaletxeko areto nagusian hitzaldia egiten.

Euskaraldia batzordearen eskutik herrian izan zen, atzo, Kike Amonarriz soziolinguista eta aurkezle tolosarra. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean egitekoa den hizkuntza ariketaren inguruneaz egin zuen berba, eta argi hitz egin zuen.

Euskaraldia euskaraz gehiago egiteko egitasmo praktiko bat dela esan zuen Amonarrizek hasieratik. "Munduan zazpi bat mila hizkuntza daude, eta euskarak milioi bat hiztun inguru ditu. Hitz egiten diren munduko 700 hizkuntzen artean dago. Ez gara erraldoiak baina txiki txikiak ere ez", esan zuen.

Tolosarrak gaineratu zuen munduko bi hizkuntza erraldoiek inguratzen dutela euskara eta presio handia egiten dutela. "Gainera, historikoki esan digute txikiak garela eta sinistu egin dugu. Euskara desagertu ez bada gutxiengo militantzia oso aktiboa egon delako izan da". Semaforo gorriak ere badaude, ordea. Egindako neurketek erakusten dute aspaldiko ezagutza mailarik handiena dugun honetan erabilera behera egiten ari dela. "Edo neurriak hartzen ditugu edo auskalo hogei urte barru non gauden!".

Egoera "oso polita" Elgetan

Elgetako datuetara etorrita Amonarrizek nabarmendu zuen euskara ulertzen duela herrian hamar biztanletik zortzik edo bederatzik.  "Leku gutxitan ematen da hori. Elgetan lortzen ez dena ez da Tafallan lortuko", esan zuen. "Euskaraldiak ariketa kolektibo bat proposatzen du eta adostasun sozio-politiko zabala du. Hau da aukera eta ezin dugu galdu!", esan zuen.

"Hizkuntza ohituretan eragitea du helburu Euskaraldiak eta egin behar du pedagogia sozial handia. Parekoak hitz erdi esaten badigu gazteleraz automatikoki pasatzen gara hizkuntza horretara. Amaitu egin behar dugu ideia horrekin. Elkarrizketek ez dute zertan izan edo euskaraz edo erdaraz. Planteatzen ari garena elkarbizitza linguistikoa da eta Euskaraldia ariketa esplizitu bat izango da bide horretan. Nola funtzionatu nahi dugun esatera goaz".

Amonarrizek argi du helburua ez dela inor euskaraz hitz egitera behartzea. "Baina legitimoa da haiek gu erdaraz hitz egitera ez behartzea. Hizkuntza berdintasuna egongo bada euskara gutxienez ulertu egin behar dute guztiek".

Belaunaldi honek erantzukizun handia duela esan zuen. "Euskaldun izatea da euskaraz egitea, eta hizkuntza transmisiorako baldintzak sortzea dagokigu".

Gaineratu zuen Euskaraldiak ez dituela gauza guztiak konponduko, baina praktika koherentea aldarrikatu zuen eta euskara ikasten diharduen jende asko dagoela horren zain.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak