Etxeko produktuak plazan saltzeko eguna izango da zapatua

Larraitz Zeberio Lekuona 2018ko ira. 19a, 08:30
Jose Antonio Ojanguren azokan produktuak saltzen duela bi urte.

Azoka izango da Mendizaleen Plazan, eta hamahiru postutik gora espero dituzte antolatzaileek. Frutak, barazkiak, gozoak edo artisau lanak eskainiko dituzte gehienetan. Intxortako igoera 11:00etan jokatuko da, eta antzerkia ere egongo da 18:00etan.

Irene Bolinaga, Rosa Unzetabarrenetxea, Sebastian Arantzeta, eta Jose Antonio Ojanguren izango dira frutak eta barazkiak saltzen. Artisau lanekin, berriz, Pili Arin, Sonia Miranda eta Lorena Ibeas izango dira plazan. Zortzi postu horiez gain herriko ortu parkeko erabiltzaileek erakusketa ipiniko dute, Ekoguneko furgobaratzak informazioa banatuko du, marokoar gozoekin bi mahai egongo dira, eta Igor Hercek burdin lanketaren inguruko erakustaldia egingo du. Seigarren mailako ikasleek gozoak salduko dituzte, Emakume taldeak baserriko emakumeen lanari buruzko argazki erakusketa ipiniko du, eta liburutegiak baserriari buruzko liburuak aterako ditu kalera. Izen-emate mahaiak ere egongo dira plazan; hain zuzen ere Euskaraldia zein Elgetan berbetan mintzalagun egitasmoetako ordezkarien eskutik.

"Aurrekoetan baino baserritar gutxiago izango dira aurten azokan", azaldu du Sebastian Arantzabal batzordeburuak. "Udaberri euritsua izan dugu, eta genero asko ez da behar moduan irten. Tomate eta letxuga gutxi izango dira eta udazkeneko generoa izango da gehienbat: porrua, aza, brokolia, azalorea... patata eta babarruna ere bai".

Eguraldi ona egiten badu slackline oreka jolasak ere izango dira goiz partean, eta Intxortako igoera 11:00etatik aurrera jokatuko da. Sari banaketa eta bertako produktuekin osatutako otarraren zozketa 13:00etan izango da.

Parekidetasuna sarietan

Aurrekoetan bezala hiru kategoria izango dira Intxortako igoeran: 12 urtera artekoak, 12-16 urte artekoak, eta 16 urtetik gorakoak. Txikienek Salbadorrera egingo dute joan-etorria. Izen-ematea egunean bertan egingo da.

Parekidetasuna izango da sarietan kategoria guztietan, eta sari berezi bi izango dira aurten. Orain arteko markarik onenak Eleder Lozanok (16.14) eta Elena Elkorok (27.15) egin dituzte. Hobetuko balira 60 euroko sari berezi bi iragarri ditu Elgetako Udalak.

Tarantela kale antzerkia, 18:00etan

Ikusle guztiendako umorezko ikuskizuna da Xilipurdi taldeak plazan eskainiko duena. Hiru bufoik Erdi Aroko kontuak ekarriko dituzte. Zaldunen arteko torneo bat, printzesa baten ezkontza, tarantula baten ziztadak sendatzeko herri dantzak... Parodia izango da nagusi. Ikusleei gomendatzen zaie edozertarako prest agertzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak