Euskararen soka jarraituta plazara iritsi den mezuak Euskaraldian parte hartzera deitu ditu elgetarrak

Larraitz Zeberio Lekuona 2018ko ira. 15a, 21:06

Euskaltzaleen Eguna izan dute gaur herrian, eta Ahobizi eta Belarriprest panpinen konpainian ospatu dute. "Inertziak astinduko ditugu eta elgetarron eguneroko harremanetan —tabernan, azokan, kalean, eskola aurrean, dendetan, farmazian…— hizkuntza ohiturak aldatuko ditugu", esan du Elgetako hamaikakoa osatzen duen Elena Elkorok mezua irakurtzerakoan. Puzgarriak, gaiteroak, bazkaria eta erromeria ere izan dituzte Elgetan.

Arrasateko gaiteroen esna deiarekin ekin diote Euskaltzaleen Egunari, Elgetan. Neska-mutikoek lau puzgarri izan dituzte jolaserako eta eguerdian deitu dituzte herritar guztiak euskararen soka osatzera.

Salbador kaletik behera etorri da aurten Euskaltzaleen Eguneko mezua. Aurreko egunetan banatutako soka zatiak elkarren artean lotu eta Salbador kalearen erdi parerainoko luzera izan duen euskararen soka osatu dute herritarrek.

Euskaraldiako urtea izanik Elgetako hamaikakoak protagonismo berezia izan du festa egunean eta azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitarteko ariketan Ahobizi izango den Elena Elkorok eta Belarriprest izango den Kristina Gabilondok eraman dute uztaia sokaren hasieraraino Goibeko Euskaltzaleen Topaguneko presidente Ainara Iribarrekin batera. Lagun izan dituzte Ahobizi eta Belarriprest panpinak eta baita ere Arrrasateko gaiteroak.

Uztaia eskutik eskutik pasa da eta soka guztia zeharkatu du Mendizaleen Plazara iritsi arte. Bertan, barruan zekarren mezua irakurri du Elena Elkorok. Euskaraldian izena emateko dei egiten zuen mezuak. "Euskararen erabilera handitzeko ariketa bat egingo dugu. Asko gara euskaldunak Elgetan, baina denok ditugu inertziaz hartutako joera batzuk. Inertzietan fijatzeko aukera izango dugu hamaika egunetan. Fijatu, eta aldatzeko aukera ere bai", irakurri du.

Plazan elkartutako elgetarrek Ahobizi eta Belarriprest izatea zer den eta horrek eskatzen duen konpromisoa zein den entzun dute. Horrekin batera jakin dute irailaren 20tik aurrera izango dutela izen-ematea egiteko aukera Elgetako Euskaraldia batzordearen bitartez.

Bazkaria eta erromeria giro onean

Mezua luzatuta festa izan da nagusi Elgetan. Kalitatea Fundazioko kideek txerri saiheskia erre dute plazan. Entsalada eta Gernikako piperrak eta Eceizako pastak ere egon dira menuan.

Bazkalostean trikitilariek girotutako kantu saioa egin dute plazan, eta Drindots taldeko kideek hartu dute lekukoa 17:00ak aldera.

Dantzan eta kantuan egin dute elgetarrek giro eta umore onak lagunduta.

Goibeko Euskaltzaleen Topagunetik antolatu dute Euskaltzaleen Eguna. Ainara Iribar presidenteak balorazio positiboa egin du. "Jende kopuru polita gerturatu da eta Euskaraldian parte hartzeko deia jaso dute herritarrek. Pozik gaude", esan du. Gogoratu du herriko Euskaraldia batzordean izango dela izena emateko aukera, eta martitzenean Kike Amonarrizen aurkezpena dagoela herrian. 19:30ean izango da udaletxeko areto nagusian.

Erlazionatuak

Euskaltzaleen Eguna Elgeta 2018

Larraitz Zeberio Lekuona 2018 ira 15 Elgeta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak