Aho batez hartu zuen erabakia Elgetako udalbatzak, atzo. "Ikusirik urtez urte Elgetan Berbetan proiektuak duen erantzun ona eta hausnarketa egin ostean egitasmoa apur bat harago nola eraman, euskara hutsetik ikasteko dinamika ipiniko dugu martxan", adierazi zuen euskara zinegotzi Janire Lazkanok.
Azaldu zuen Elgetan Berbetan dinamika euskara nozio batzuk dituztenendako egitasmoa dela, eta bertan ezin direla euskara hutsetik ikasi nahi dutenak sartu. Hala, sektore horretara heltzeko proiektu berri bat dinamizatu gura du Udalak irailetik aurrera.
Elgetan Berbetan egitasmoa gidatzen duen liburutegiko arduradunak egingo du dinamizazio lan hori ere, eta horretarako igo egingo diote lan jarduna, bost ordu astean. "Proiektu biak dinamizatzeko izango da", esan du euskara zinegotziak.
Hitzarmena Herrixa Dantzan ekimenarekin
Atzoko osoko bilkuran, bestalde, Herrixa Dantza ekimenarekin Udalak duen hitzarmena berritzeko erabakia hartu zuen udalbatzak. Aurreko urteko hitzarmen berdina da. Hala, alde biek adosten dute 2018-2019 ikasturtean zortzi dantzaldi antolatzea eta egunak lotuta daude. "Udalak zuzeneko musika saioak ordainduko ditu, 1.500 euroko gehieneko muga jarrita", azaldu du Janire Lazkanok.
Zuzeneko musikarekin egingo diren dantzaldiak izango dira 2018ko abenduaren 7an, eta 2019ko apirilaren 28an eta maiatzaren 19an.
Oposizioko Mikel Larreak egindako galderari erantzunez Lazkanok azaldu zuen kafe antzokiaren kudeaketarako Hiru Kultur taldearekin egin berria den akordioak ez duela Herrixa Dantzan egitasmoarekin talka egingo. "Hiru Kultur taldeko kideak badute data hauen berri eta Herrixa Dantzan ekimeneko dantzaldiek lehentasuna izango dute", esan zuen Janire Lazkanok.
Lanak bolatokian eta desfibriladorea
Udalak 6.000 euroko inbertsioa egin du Bolatoki tabernan hobekuntza lanak egiteko. "Hiru mila euroko aurrekontua genuen, baina osasun inspekzio baten ondorioz egin beharreko lanak pixka bat handiagoak izan dira, eta ia beste horrenbeste jarri beharko da. Sei mila euro, guztira", azaldu du Iraitz Lazkanok. Alkateak jakinarazi du sukaldean aluminiozko plakak ipini direla, eta tabernan lau kamarako barra bat.
Bestelakoetan, Udalak desfibriladorea erosteko erabakia hartu du, eta 2.000 euroko aurrekontua da. Egitasmo biak udal gerakinetik finantzatuko dira. Hala, dagokion kreditu aldaketa egiteko bozketa egin zuten, atzo, osoko bilkuran. Gu Geu Elgetako Mikel Larrea abstenitu egin zen argudiatuta gerakina jateko dinamikan sartuta dagoela Udala.
Lazkanok erantzun zion ezinbesteko lanak direla, eta gerakina finantzazio bide bat dela. "Nahiago genuke sarrerak askoz potoloagoak izatea eta egiteko hauek sarrera normalekin betetzea, baina ez da kasua. Gerakinik ez balego gauza hauek ezingo ziren egin nahiz eta urgentziazkoak izan, baina egonda uste dugu ezinbestekoa dela".