Elgetara uda pasatzera

Larraitz Zeberio Lekuona 2018ko uzt. 13a, 09:00

Jendea herriko plaza inguruan eta izozki saltzaile ibiltaria bere produktuak eskaintzen. (Iturria: Udal artxiboa)

Duela 70 bat urte, udako bisitari ugari hartzen zituen Elgetak. Martintxo, Mantu eta Ostatu udatiarrez betetzen ziren eta ez ziren gutxi gelak edo etxebizitzak alokatzen zituzten partikularrak. Birikak zaintzera eta lasaitasun bila etortzen ziren kanpotarrak.

Gaur egun, kanporako joera da nagusi elgetarren artean, udan. Duela 70 bat urte, ordea, guztiz kontrakoa gertatzen zen; uda pasatzera jende ugari etortzen zen herrira.

Adin batetik aurrerako elgetarrek ondo gogoan dituzte garai haiek; esaterako, Miren Lorea Villarrek eta Benedikta Bergaretxek. Martintxonekoan lan egindakoak dira. "Jende askok hartzen zuen ostatu Martintxon. Mantun eta Ostatun ere bai. Eta etxe partikularretan ere jende askori egiten zitzaion lekua", adierazi dute.

Gerra osteko urteetan, kukurruku-eztularekin arazoak izan zirela dute gogoan, eta sendagileek gomendatuta etortzen zirela gaixoak Elgetara. "Biriketarako ona zela esaten zuten", diote. "Gero, jendea Errioxara joaten hasi zen, eta hondartzetara".

Elgetako udatiarren kontua 40ko hamarkadatik 60ko hamarkadara bitartekoa da. Ostatuko Arantxa Aretxagak ere gogoan ditu garai haiek. "Familia asko etortzen ziren; Bilbotik eta Eibartik, gehienbat. Soraluzetik ere bai. Gogoan ditut hainbat abizen: Etxebarria, Zuloaga, Larreategi, Garate, Aranzabal, Arizaga, Gabilondo, Kareaga... Dirudun jendea ere bazen tartean. Batzuk bi neskamerekin etortzen ziren".

"Gure baserrian ere egon ziren, sasoi batean, Larreategitarrak", azaltzen du Miren Lorea Villarrek. "Orduan, baserrietan egurrezko komunak izaten ziren eta gurean ere horrela zen. Akordatzen naiz gure etxeko amak-eta nola esaten zuten ezin zela izan. Nola egongo ziren jaka eta txapeldun pertsona haiek gure baserrian uda pasatzen!".

Arantxa Aretxagak saguzar batekin gertatutako anekdota bat du gogoan. "Gau batean gurean ostatu hartuta zeuden udatiar batzuei saguzar bat sartu zitzaien leihotik. Andreak, animalia uxatzeko, paxa edo faja bota zion eta kontua da barruko arropa hura leiho ondoan zegoen zuhaitz batean gelditu zela katigatuta. Andreak ez zuen nahi hurrengo goizean denen bistan egoterik, baina zuhaitza astinduagatik ez zen erortzen eta komeriak izan genituen hura jaisteko. Azkenean, beste gela batean ostatu hartuta zegoen sendagile batek jaitsi zuen. Igo egin behar izan zuen zuhaitzera", azaltzen du Aretxagak.

Beste mota bateko udatiarrak daude gaur egun Elgetan. Egonaldi motzagoak izaten dira, Maialde hoteleko zein herriko landetxeetako arduradunen esanetan.

Udatiarren oroitzapenak

Gabriel Rodriguez Bergaran bizi da gaur egun eta hark ere ondo gogoan ditu Elgetan igarotako udak. "Bilbon bizi ginen eta aitak Bergaran egiten zuen lan. Udan, ama eta lau anai-arrebak Elgetara etortzen ginen, aitarengandik gertuago egoteko", azaltzen du. "Martintxon hartzen genuen ostatu. 8 bat urte izango nituen".

Bi urtean etorri zirela du gogoan eta hilabete pasatxo egin zutela oporretan herrian. "Oso oroitzapen onak ditut. Lagunak egin genituen Elgetan, bizikletan ibiltzen ginen eta askatasun handia genuen", azaltzen du. Gogoan du mendira joaten zirela eta Intxortako txabola egiten laguntzen ibili zela. "Frontoi zaharrean elkartzen ginen lagunekin eta hantxe ibiltzen ginen jolasean. Asentziora ere joaten ginen arrantzan egitera. Bainua hartzeko Uberako depositura jaisten ginen. Gogoan dut baita ere Karabietara igo eta Egoarbitza aldera egiten genuela. Batzuetan, ira artean saltsa-perretxikoak aurkitzen genituen".

Rodriguezek bereziki gogoan du Egoarbitza baserria. "Han, zilarrezko mahai-tresnak zituzten eta boxer txakur zoragarri bat. Asko gustatzen zitzaidan eta sarri joaten nintzen ikustera".

Odys Rodriguez Gabrielen arreba da. Bergaran bizi da gaur egun. "Elgetan oso ondo pasatzen genuen. Gu mantzanilla jasotzera joaten ginen Egoarbitza mendira, eta gogoan dut herrigunean zegoen etxe bat igerilekua zuena. Eibartar batzuena zen orduan. Bainatzera joaten ginen igerilekura. Ze oroitzapenak!".

Juan Ramon Urizarrek ere ondo gogoan ditu Elgetako udak. "Etxea genuen herrian eta gurasoak lau anai-arrebekin, lehengusu-lehengusinak... joaten ginen. Hasieran, ez genuen autorik eta Bilbon autobusa hartuta iristen ginen familia guztia Elgetara. Herri txikia izatera, denok ezagutzen genuen elkar, eta lagun asko genituen. Oso oroitzapen onak ditut, zoragarriak!".

Urizarrek Asentzioko arrantza saioak, Uberako deposituko bainuak, Egoarbitzara edo Intxortara egindako mendi bueltak, perretxiko bilketak... ditu gogoan. "Akordatzen naiz, baita ere, Pagatza baserri ondoan zegoen futbol zelaiarekin. Behin partida bat jokatu genuen udatiarrok bertakoen kontra. Udatiar asko Bilbokoak ginen eta Athletic taldekoak eta bertakoak, Realekoak. Partida jokatzea erabaki genuen. Orduan, guk irabazi genuen".

Argazkian Urizar familiako kideak Elgetako lagun batzuekin. (Iturria: Urizar familia)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak