24 idi-pare egongo dira aurtengo Ferixa Nagusian

Miren Arregi Amasorrain 2018ko eka. 27a, 12:06

Idiak dira Elgetako jaietako azokako bereizgarria eta aurten 48 buru eroango dituzte. Herrikoek ere hartuko dute parte Ferixa Nagusian; ez, ordea, idiekin. Haiek ganadua, ardiak, ahuntzak, barazkiak eta eskuz egindako artisau produktuak eroango dituzte. Uztailaren 1ean ospatuko da Ferixa Nagusia.

Uztailaren 1ean, domeka, egingo da herriko jai nagusiei izena ematen dien Ferixa Nagusia Elgetan. Feriak, urtero moduan, bi gune nagusi izango ditu: bata, plazan eta inguruetan –artisauak eta bestelako saltzaileak egongo dira han–, eta Berraondokoan bestea –han ganadu feria kokatuko da–. Artisau postuei dagokienez, 60 postu inguru egongo dira. 24 bat egurra, zilarra, telak... lantzen dituzten artisauenak eta beste 35 inguru, saltzaileenak. Pastelak, ogia, berdurak eta bestelakoak eroango dituzte horiek. Horietatik guztietatik bederatzi bat izango dira elgetarrak. Sei artisau postuetan egongo direnak –Pili Arin, Sonia Miranda, Lorena Ibeas, Salba Blanco, Felix Larrañaga eta igor Herce– eta beste hiru, jakien postuetan. Lorea Aranzetak eztia eroango du eta beste bi lagunek, Marokoko produktuak. 

Idiak, berezitasun

Elgetako ganadu feria ezaguna da bertako eta inguruko baserritarren artean, salerosketarako gune tradizionalki ezaguna baita. Baina zerbaitek bereizten badu Ferixa Nagusia, horiek idiak dira. Aurten, 24 idi-pare ikusi ahal izango dira herrian; guztira 48, beraz. Egongo dira Angiozarkoak eta Basalgokoak tartean. Gainerakoak kanpoko herrietatik eroango dituzte. Gainera, beste hiru ganadu talde ere egongo dira, horietatik bi herrikoak: Oilakorta baserrikoak eta Barrenenguakoak. Bestetik, ahuntzak, ardiak, behorrak eta astoak ere egongo dira. Elgetako Enrike Ormaetxeak ardiak eroango ditu; Julen Beretxinagak, berriz, ahuntzak. Ganaduetan 40 buru inguru egongo dira eta beste horrenbeste ahuntz, ardi, behor eta astoak batuta. 

Goizeko bederatzietan hasita, ganaduzale, artisau eta bestelako saltzaileak euren postuetan egongo dira egun horretan. Horixe izango da eguneko protagonista, baina bestelakoak ere izango dira. 17:00etan, esaterako, buruhandiak aterako dira kaleak girotzera eta 17:30ean karaoke lehiaketa egongo da Amaia Txintxurretarekin eta Gauargi taldearekin. Saria gitarra elektriko bat izango da. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak