"Iazko jaietan neska-mutikoen dantzak ikusten ari ginela irten zen gaia. Alegia, helduek ere dantzara irten behar genuela", azaltzen du Eli Arantzabal elgetarrak. "Gabonetan berriz aipatu zuten kontua eta Egoarbitzako makil dantza eta Arratera begira izan zitezkeela adostu genuen".
Hainbat lagunek makinatxo bat bueltan eman du ordutik hona. "Kosta zaigu dantzen pausoak eta partiturak lortzea. Jendea animatzea ere ez da erraza izan. Mutilen kasuan, laster osatu zen taldea, baina hamabi neska behar ziren Arratera begira egiteko eta ez da samurra izan", azaldu du Miguel Arantzetak.
Arantzetak eta Arantzabalek gogoan dute Elgetako Euskal Jaietan egiten zirela bi dantza horiek. "Elgetarrok bakarrik egiten genituen. Bestela, ez ziren dantzatzen", azaltzen dute. Indar handia izan zuen Elgetako dantza taldeak, baina desagertu egin zen, eta taldearekin batera bi dantza horiek ere bai.
Zortzi mutilek egingo dute Herri Egunean Egoarbitzako makil dantza eta hamabi neskak Arratera begira. "Batzuk dantzari izandakoak dira, baina ez guztiak eta esan behar da denak moldatu direla ondo dantzak ikasteko", esan du Arantzetak.
Neska-mutikoen emanaldia
Aurten ere herriko neska-mutikoen emanaldia izango da Herri Egunean. Irati Kortabitarteren gidaritzapean, maiatzean hasi ziren 40 bat neska-mutiko jaietarako euskal dantzak prestatzen. 33 neska-mutikok eta hamar neska gaztek egingo dute dantza. Lapurdiko eta Bizkaiko dantzak egingo dituzte, besteak beste.
Interes handia sortzen duen emanaldia izaten da. Helduen talde eta guzti, euskal dantzen emanaldia 13:30 aldera izango da, Herri Egunean.