Lau herritar gerturatu ziren Gipuzkoako Foru Aldundiak Elgetan egindako Aurrekontu Irekiak 2019 ekimeneko batzarrera. Beste lau parte-hartzaileak Iraitz Lazkano alkatea eta EH Bildu udal taldeko hiru zinegotzi izan ziren. Diputaziotik Herri partaidetzako zuzendari Joseba Muxikak eta Lurralde orekako zuzendari Iñaki Labakak hartu zuten parte.
Alkatearen ahotik jaso zituzten Elgetarako eskaera nagusiak. Lehenengo egindako eskaeretako bat banda zabalarena izan zen: industrialderako zein herrigunerako. Lanak hasita edo esleipen prozesuan daudela esan zuen Labakak.
Ur zikinak eta bidegorriak
Elgetako ur zikinen saneamendua egiteko premia ere hasieratik irten zen. Ura Agentziari dagozkion lanak daude egiteke. "Gipuzkoako zazpi herri gaude egoera berean eta pentsatzen ari gara agerraldi bateratua egitea", esan zuen Iraitz Lazkanok. Joseba Muxikak eta Iñaki Labakak adierazi zuten zalantzarik gabe irtenbide bat eman beharreko egoera dela.
Elgetan paseorako gune egokiak egiteko proposamenak ere luzatu zituzten udal arduradunek. "Karabietara kilometro bateko bidegorria eginda sei bat kilometroko bi ibilbiderekin lotura egitea lortuko genuke", esan zuen alkateak, eta jakinarazi zuen Udalak aurkeztua duela 300.000 euro inguruko proiektu bat. Muxikaren eta Labakaren erantzuna izan zen araudi kontuak direla-eta bidegorria baino bide berdea izan daitekeela irtenbidea. Hamar mila biztanletik beherako herriendako diru-laguntzak daudela esan zuten, eta eskaerak Mugikortasun zuzendaritzara bideratu behar direla.
Herritar batek, bestalde, Asentziorako zorbidean antzerako zerbait egiteko aukera dagoen aztertzeko eskatu zuen, baita ere Uberatik Bergarara eskatuta dagoen bidegorriarekin loturarik egitea posible den.
Hobetzekoak garraio publikoan
Elgeta-Elorrio zerbitzua oso eskasa dela-eta eskaera bidezko zerbitzuak ipintzeko proposatu zuten elgetarrek. Eskaera egiteko zerbitzua errazteko eskaera ere egin zuten. "Batzuetan ez dituzte deiak erantzuten, 20:00etatik aurrera ez dago inor, eta izen guztiak eman behar dira".
Bidegiren AT Sistemaren deskontuekin hobekuntzak egiteko eskaera ere luzatu zuten Elgetan. Gipuzkoa eta Bizkaia arteko gorabehera direla-eta zenbait deskontu ez aplikatzea konpon daitekeen eskatu zuten.
Errepide sarea
Elgetako saihesbideko lanak egitea ezinezkotzat jota bestelako hobekuntzak proposatu zituen alkateak. "Kanpanzar bidean kamoi asko ibiltzen da eta errepide oso estua da. Kanpanzarko bidegurutzea ere oso gaizki dago", esan zuen.
Elgetak Eibartik duen sarrera ere arriskutsu dagoela esan zuen. "Errepidea estutu egiten da zuhaitzak dauden gune horretan, eta berriki izan da istripua bertan". Alde bateko zuhaitzak botatzeko eskaera egin zuen.
Bestelakoetan nabarmendu zuen antzoki azpiko zebrabidean ikusgaitasun txikia dagoela, eta Kataiatik frontoirako zebrabide amaieran dagoen areka arriskutsu dagoela eta istripuak izan direla bertan. "Foru Aldundiak konpontzeko saiakera egin zuen, baina ez da hobekuntzarik egon". Arrota Azpikoa baserrian, berriz, kexu direla esan zuen errepidearen zabaltze lanak egin zirenetik ura jausten delako baserrira.
Agorrosin %30 garestiago
"Elgetarrek %30 gehiago ordaintzen ditugu Agorrosin kirolguneko zerbitzuak", adierazi zuen Iraitz Lazkano alkateak. Bergarako udal ordenantzetan jasoko neurria dela esan zuen, eta ilegala izan daitekeela; izan ere, Agorrosin egiteko Elgetako erabiltzaileak kontuan hartuak izan ziren Diputazioaren diru-laguntza erabakitzeko. "Elgetari zegokion diru hori Agorrosinen sartu zen, eta orain Bergararrek baino garestiago ordaintzen dugu".
Aldundiari eskaera modu formalean egiteko aholkatu zuten Muxikak eta Labakak.
Eskaerak hilaren 30era arte
Aurrekontu irekiak 2019 egitasmora proposamenak bidaltzeko epea zabalik da ekainaren 30era arte. Ekarpenak egiteko lau modu daude:
- galdetegiak bete eta bidali
- gipuzkoa.eus/partaidetza atari digitalean
- Herriz herri jarritako guneetan. Egutegia gipuzkoa.eus/partaidetza loturan dago eskuragarri
- Gipuzkoako Foru Aldundiaren erregistroan —Donostiako Gipuzkoa plazan— eta herrietako udal-erregistroan
Informazio telefonoa da: 943 11 39 60.