Begoña Olabarrieta kontsumo hezitzaileak gidatuta ordu eta erdiko saioa egin zuten, atzo, Elgetan. Hamabost bat lagun elkartu ziren, eta hasteko eta behin Kontsumobide zer den azaldu zien bertaratutakoei. Kontsumitzaileen eskubideak defendatzeko Eusko Jaurlaritzaren adarra dela esan zien.
Elikadurari eta nutrizioari buruz aritu ziren jarraian. Olabarrietak azaldu zuen elikagaiak aukeratzea erabaki kontzientea dela, eta elikagaiak ez direla ez onak ez txarrak; neurrian kontsumitzea dela gakoa. Hala, elikagaien piramidea landu zuten eta piramidea osatzeko ariketa ipini zien kontsumo hezitzaileak elgetarrei. Elikagai batzuk sarri kontsumitu behar dira, beste batzuk ordea oso gutxitan.
Nutrizioari buruz esan zuen modu ez kontzientean egiten den prozesua dela. Hau da, organismoak elikagaietatik ateratzen dituen substantziak dira nutrizioa edo prozesu hori ez dago gure esku. Kontsumitzaileak erabakitzen duena da zein elikagai eman organismoari.
Produktuen etiketak
Saltokietan aurki daitezkeen produktuak askotarikoak dira eta horien etiketak irakurtzen irakatsi zuen atzokoan Olabarrietak. Nutrizio taula, iraungitze data, produktuaren jatorria, prestatzeko informazioa... Hainbat ezaugarri bete behar dituzte produktuen etiketek eta horiek nola ulertu azaldu zuen Kontsumobideko ordezkariak. "Ez da berdina data baino lehen kontsumitu edo iraungitze-data agertzen bada. Lehenengoaren kasuan data horretatik aurrera kontsumituta ere ez da ezer gertatzen. Produktu hori iragankorra. Aldiz, iraungitze-data agertzen bada horrek esan gura du data hori errespetatzen ez badugu gure osasuna arriskuan egon daitekeela".
Parte-hartzaileak gustura atera ziren tailerretik. Hurrengo martitzenean etxean dauden arriskuen inguruko tailerra egingo du Olabarrietak. 17:30ean izango da udaletxeko osoko bilkuren aretoan.