Nafarroako Auzitegiak Iruñeko erasoari lotuta eman duen epaiak protesta ekitaldi ugari eragin ditu. Elgetan, 60 lagunetik gora elkartu dira emakume taldeak 19:00etarako deitutako kontzentrazioan. Hau ez da erasoa, bortxaketa da! Nahikoa da! pankartaren atzean kokatu dira, eta bestelako mezuak ere irakur zitezkeen ekitaldirako prestatutako orrietan: Hau ez da justizia!, Guk sinisten dizugu! edo Hau ez da erasoa, bortxaketa da!
Elkarretaratze zaratatsua izan da eta txilibitu, lapiko zein zintzarri hotsak izan dira nagusi. Hamabost minutuko elkarretaratzea egin ostean taldeak kiroldegi aldera egin du eta saihesbideko aldeetako batean utzi dute lotuta pankarta.