Frontean hildako 231 gudari eta miliziano omendu dituzte Elgetan

Larraitz Zeberio 2018ko api. 22a, 15:29

Bi asteko jardunaldi bereziei amaiera emateko frontean hildako 231 gudari eta miliziano omendu dituzte, gaur, Elgetan. Ondoren, tropa frankistek herrian sartu zireneko uneak irudikatu dituzte, eta horrekin batera herriaren ebakuazioa eta zibilen kontra egindako gehiegikerietako batzuk. Ikusle askorendako gogorra izan da udaletxeko balkoitik diskurtso eta keinu frankistak ikustea, baina garrantzitsutzat jotzen dute gauzak gertatu moduan kontatzea.

 

Intxortako Atean egin dute gaur lehenengo ekitaldia, Elgetan. Intxortako frontean hildako 231 miliziano eta gudari omendu dituzte senitartekoetako batzuk bertan zirela. Ordezkaritza politiko zabala izan da ekitaldian: Gipuzkoako Foru Aldundiko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendari Nagusi Maribel Vaquero, Gogora Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarro, Donostiako alkate Eneko Goia, Arrasateko alkatea Maria Ubarretxena, Bergarako alkate Elena Lete, Elorrioko alkate Idoia Buruaga, Eibarko kultura zinegotzi Patxi Lejardi...

Hitza hartu duenean Elgetako alkate Iraitz Lazkanok Intxortako frontean borroka egindako gudariek eta milizianoek erakutsitako erresistentziaren garrantzia azpimarratu du, eta horrekin batera memoria historikoa lantzearen eta justizia eskatzearen garrantzia nabarmendu ditu. Frankismoaren Krimenen Aurkako Euskal plataformako kide Josu Ibargutxik erresistenteen adorea nabarmendu du eta bereziki kontuan izan ditu emakumeak. 

Joseba Tapiak Joxe Mari Lopategi bertsolari errepublikarraren bertsoak eskaini ditu, eta Ainhoa Agirreazaldegik hiru bertso bota ditu. Aurreskua eta lore eskaintza ere egon dira ekitaldian. Amaitutakoan, bertaratutakoek oinez egin dute herrirainoko bidea Frankismoaren zigorgabetasunari tolerantziarik ez zioen pankartaren atzean.

Lazkanoren diskurtsoa

Hona hemen Iraitz Lazkano alkatearen diskurtsoa:

"Oraintxe gauden tokian bertan, Gipuzkoan lehen aldiz, kolpe militar faxistaren aurrerapena oztopatzea lortu zuten. 1936Ko urriaren 4a zen. Horrek lehen eusko jaurlaritza osatzea ahalbidetu zuen.

Zazpi hilabetez iraun zuen erresistentziak: udazken, negu, udaberri... Eguraldi onarekin, ordea, erasoaldi bortitza etorri zen fronteko lerrora: kainoi, hegazkin eta milaka soldadurekin saiatu arren, Apirilaren 20tik 23ra,Molaren erasoaldiek porrota jasan behar izan zuten, 7 hilabete lehenago gertatu bezala.

Apirilaren 24an, Besaidetik Elorriora sartu eta atzetik egin zieten eraso erresistenteei, posizioak uztera behartuz.

Demokraziaren defentsan, aurrerapen sozialaren defentsan... askatasunaren defentsan asko izan ziren bizia eman zutenak. 231. 231 izan ziren, hain zuzen 1936 eta 37ko borrokaldietan Elgetako fronte deritzon honetan hildakoak. 231 dira gaur gogora ekarri eta omendu nahi ditugunak.

Ez zuten, ez, gerra irabazi. Baina beraien ahaleginari faxisten aurrerapena zapuztu zen, atzegoardia antolatu eta zibilak ebakuatzeko denbora gehiago izan zen.

Frankisten sarraskia, ordea, ez zen zapuztu. Apirilaren 24 eta 25ean, agintari frankistek, tropei nahi zutena egiteko baimena eman zieten. 7 hilabeteko erresistentziarengatik, mendekua.

Ugari izan ziren lapurretak, salaketak, zigorrak, bortxaketak eta erailketak.

Gizateriaren kontrako krimen guzti haiek, ikertu gabe daude oraindik. 40 urtez, goraipatuak izan eta beste horrenbestez isilaraziak… Bukatu da, ordea. Isiltasunaren, inpunitatearen, lotsaren, beldurraren sasoia bukatu da.

Justizia egiteko garaia iritsi da. Argentinan eta Bergarako epaitegian bi kereila ditugu irekita, Elgetan faxismoak egindakoak salatzeko. Biktima eta talde memorialistekin elkarlanean, behin betiko frankismoaren inpunitatea buka dadin, egia eta benetako justizia exijitzeko"

Erlazionatuak

Omenaldia Intxortako Atean eta martxa Elgetara

Larraitz Zeberio Lekuona 2018 api 22 Elgeta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak