Norma argitaletxeak gazteleraz eta Cambourakisek frantsesez argitaratua, 36ko gerran oinarritutako komikia da Tristisima ceniza. Gernika bonbardatu eta Bilbo erori arteko garaian kokatzen da istorioa, eta ikerketa eta dokumentazio lanean oinarrituta dagoela azpimarratu dute gaur egileek. Sorkuntza lana zelakoa izan zen eta istorioan agertzen diren pertsonaia nagusiak zeintzuk diren azaldu dute Elgetako jardunaldi berezien barruan.
Azalpenak gitarra musikarekin eta zuzeneko marrazketarekin osatuta, 36ko gerrako hainbat pasarteren berri eman dute, eta adierazi dute komikia ere formatu interesgarria dela historiaren eta memoria historikoaren dibulgaziorako.
Entzuleek, esaterako, Intxortako frontean borroka egindako Francisco Artasanchezen berri izan dute. Mila abentura bizi izan ostean preso egin zuten eta Arsenal de la Carraca izeneko esparru militarrean amaitu zuen. Arrasateko Constantino del Pozo ezagutu zuen bertan eta 1940ko apirilaren 28an ihes egin zuten elkarrekin. Zortzi ordu egin zuten igerian eta lortu zuten Gibraltarrera iristea.
Elgetan aurretik ere ezaguna den Estoucha brigadista internazionalista hizpide izan dute baita ere gaur Komikiz komiki, lubakiz lubaki emanaldian. Belgikarra sortzez, metrailadore eta guzti aurkeztu zen neska gaztea zela Irungo mugan. Beste hainbat brigadistarekin iritsi zen eta berehala hasi zen borrokan. Irunen lehenengo eta beste hainbat lekutan gero.