Elgetako Udalak eta Intxorta 1937 kultur elkarteak elkarlanean antolaturik, gerran hildako 234 erresistenteei omenaldia egingo diete domekan, 11:30ean, Intxortako atea-n. Omenduetako 29 debagoiendarrak dira –16 arrasatear, 4 bergarar, 4 aretxabaletar, 2 oñatiar, antzuolar bat, elgetar bat eta eskoriatzar bat–. "Oraingoz, 21 hildakoren senitartekoak etorriko direla baieztatu digute. Senitartekoen presentzia handia egongo da. Debagoieneko bost hildakoren senitartekoak ere gerturatuko dira", dio Elgetako Udaleko Kultura eta Turismo teknikari Ainhoa Bernabek.
Ekitaldian, Joseba Tapiak eta hainbat bertsolarik parte hartuko dute, eta Intxortako atea-n dagoen plaka oroigarria eguneratuko dute. Gainera, plakak QR kode bat izango du eta Elgetako frontean hildako erresistenteen zerrenda eguneratzen joango da.
Aurten omenaldia errekreazioaren aurretik egitea erabaki dute antolatzaileek, antzezlana Elgetako kaleetan egingo baita. Banarte antzerki taldeak boluntarioen laguntzarekin prestatu du errekreazioa: "Protagonismoa gerrako biktimei utzi nahi izan diegu. Herriko biktimak gogora ekartzea garrantzitsua iruditu zaigu. Sufrimendu hori oso gutxitan aitortu da", dio Bernabek.
Besteak beste, ospitaleko gertakariak eta aginte postuko eszenak ere ikusi ahal izango dira. Horrez gain, gudarien artean herria nola ebakuatuko duten gaineko eszena bat ere jarraitu ahal izango da. Antzerkiaren bigarren zatian, tropa frankistak
Elgetan sartzen ikusi ahal izango dira, eta herrian gelditzen diren pertsonengan indar demostrazioa eta gehiegikeria nola
egin zituzten azalduko dute. "Herria hustu ondoren faxistak herrian sartzen ikusiko ditugu. Ondoren, Francoren diktadura bukaera irudikatuko dugu, balio demokratikoen berreskuratzea", aipatu du Intxorta 1937 elkarteko Nerea Villak.
Bihar, ekintza ugari
Domeka heldu aurretik, biharko, ekitaldi ugari antolatu dituzte. Besteak beste, 12:00etan, Elgetako haurrek egindako marrazkiekin murala osatuko dute Mendizaleen plazan. Arratsaldean, gainera, gerra garaikoElgeta ezagutzeko bisita gidatua egongo da, 18:00etan, eta ostean, 19:30etik aurrera, Sakatu elektrotxarangak girotuko ditu kaleak.
Gaur, bestalde, Komikiz komiki, lubakiz lubaki komiki-kontakizuna egongo da udaletxean, 19:00etan