"Gaur egun Frankismoari buruz dakiguna memoria taldeei esker dakigu", esan du Juan Ramon Garaik. 1936ko gerrak Debagoienean izandako eraginaren inguruan adierazi du errepresioa basatia izan zela. "Beldurra hezurretaraino sartzeko modukoa. Gobernu legitimoa arma bidez bota zuten, eta ondoren 40 urteko diktadura etorri zen. Gaur egun, berriz, sasi-demokrazia hau daukagu".
Argazkiekin, mapekin, datu taulekin eta bideoekin osatutako hitzaldian garai hartako debagoiendarrek bizi izandakoak gogora ekartzen saiatu da arrasatearra. "1936an Debagoienak 31.000 biztanle inguru zituen. Intxorta 1937 kultur taldeak jasotako datuen arabera 620 bat debagoiendar —Aramaio barne— hil ziren gerran. Zaurituak, berriz, 1.500dik gora izan ziren".
Intxortako frontean 2.200 bat lagunek egingo zutela borroka uste dute memoria taldean. "Ditugun datuen arabera ihes joandakoak 5.000tik gora izan ziren, baina ia seguru gaude gehiago ere izango zirela". Garaik aipatu ditu baita ere 110 erbesteratu, depuratuak izan ziren 38 maisu edo maistra, atxilotutako 40 abade —horietako lau fusilatuak izan ziren—, eta epaitutako 48 lagun. Horietatik hamazazpi fusilatuak izan ziren eta gainerakoak 30 urteko kartzela zigorra jaso zuten.
Emakumeen kontrako errepresioa ere azpimarratu du Garaik. "Debagoienean, dakigula, hamabost emakumeri moztu zieten ilea. Elgetan, hiru bortxaketa kasuren berri ere jaso dugu".
Arrasatearrak Frankisten bandoan ere biktima debagoiendarrak izan zirela esan du hitzaldian. Memoria taldeak batu dituen datuak eman ditu eta egindako hainbat argitalpenetan guztien eskura daudela adierazi du. Hori bai, ikerketa lanak aurrera jarraituko du badago-eta, oraindik ere, zer argitu.