Baso zoko batean hotzak, goseak eta beldurrez

Larraitz Zeberio Lekuona 2018ko api. 15a, 19:11
'Txoriak eta zauriak' antzezlana, atzo, Elgetan.

Kontakizun gordina da Txoriak eta zauriak eta mezuaren sakontasunarengatik birritan ikustea eskatzen duen antzezlan horietako bat.

Memoria historikoarekin lotutako Txoriak eta zauriak antzezlanarekin izan ziren, atzo, Lesakako Mairu antzerki taldeko kideak Elgetan. Hain zuzen ere, Intxortako erresistentziaren 81. urteurrena gogora ekartzeko jardunaldietan. 30 bat lagunen aurrean egin zuten antzezlana.

Juan elbarritutako ikazkina eta Txori musikari ohia basoko zoko batean bizi dira ezkutatuta. Frankismoak preso egin eta Toledotik ekarriak, Lesaka eta Oiartzun arteko errepidea egiten ari ziren ihes egitea lortu zutenean. Baso ilun horretan bizi dira ezkutatuta, hotzak, goseak eta beldurrez, baina libre baldintza horietan bizitzea libre bizitzea bada behintzat.

Bestelako pertsonaiak ere agertzen dira baso zoko horretara. Alargun gelditutako Ramona andreak ezkutuan ekarritako janari apurrarekin egiten dute aurrera basoan, eta tarteka Mottela izeneko gizarajo baten bisita ere jasotzen dute. Basoan hezurrak topatzea da Mottelaren obsesio bakarra. Amanda, berriz, Manuel bikotekidearen bila agertu da. Ez daki ez duela inoiz aurkituko.

"Ideologia eta printzipioak beharrean, laztanak eta ogia" eskatzen ditu, behin eta berriz, Ramona andreak. Juan ikazkinak nonahi lurperatutako horien hezurrak topatzeko indarrari buruz egiten du berba. "Orain dugu indarra, baina lehen behar zuten! Berandu irabaztea ez al da berriz galtzea?", galdetzen dio bere buruari.

Herrian desagertuta dagoen idazkariaren alabaren bila dabilen ikertzaileak basoan aurkitzen dituenean sortzen dira kezka eta beldur handienak. Merezi du ihes egiten jarraitzea?

Urte batzuetako etena egin ostean dira, berriz ere, agertokietan Lesakako Mairu antzerki tailerreko kideak. Antzezlan gomendagarria dute erakusteko. Gaizka Sarasolak idatzia gogorra da bertan kontatzen dena, baina umoreari tarte egiten asmatu dute. Horrekin batera, ezin utzi aipamenik gabe antzezle talde amateur honek darabilen euskara jatorra. Bortzirietako solasaldiak eta erranak zuzen eta garbi.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak