Immigrazioaren aurkako aurreiritziendako inpunitate eremurik ez baimentzeko eskatu dute Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2018ko api. 12a, 12:42

Etorkin txiroen inguruan zabalduta dauden hainbat uste oker direla eta, datuak eman ditu asteon Elgetako Udalak, eta aurreiritzi okerren aurrean erantzuteko eskatu die herritarrei. Horrekin batera, horrelako egoeretan zelan jokatu adierazi du Zurrumurruen Kontrako Sareko Xabier Aierdik formakuntza saio berezi batean.

Udal gizarte-ongizate teknikari Naiara Unamunok astelehenean emandako datuen arabera Elgetak 1.145 biztanle ditu eta 86 dira Espainiatik kanpo jaiotakoak. Hamaika lagunek jasotzen dute diru-sarrerak bermatzeko errenta edo RGIa. Horietatik lau dira etorkinak —emakume bat eta hiru gizon— eta guztiek dituzte familia erantzukizunak. Bertakoak zazpi dira —lau emakume eta hiru gizon— eta gehiengoak ez du familia erantzukizunik. Laguntza hori hilean 600-850 euro artekoa dela esan du Unamunok. Gizarte larrialdietarako diru laguntzari dagokionez, zortzi lagunek jasotzen dute gaur egun Elgetan; sei dira bertakoak eta kanpotik etorrikoak, bi.

Herrian egindako formakuntza saioan Zurrumurruen Kontrako Sareko Xabier Aierdik azpimarratu du gizarte honetan ditugun arazoak konpontzeko dagoela immigrazioa eta guk ekartzen dugula gehienetan, ez garela agente pasiboak. Zer nolako immigrazioa behar dugun eta zertarako erabakitzen dugula ziurtatu du soziologoak. Immigrazioa aztertzeko orduan, ordea, bestelako eskemak erabiltzen ditugula dio. "Pentsatzen dugu gurea dena kentzera datozela eta aurreiritziekin eta estereotipoekin jokatzen dugu. Nahiz eta gure sinismenak ukatzen dituzten datuak jaso, horiekin funtzionatzen jarraitzen dugu", adierazi du.

Aierdiren ohartarazten du aurreiritziek jarreretan eta portaeretan eragiten dutela, eta horrela ematen direla diskriminazio edo umiliazio egoera. Horrelakoen aurrean erantzuten ikasi egiten dela dio eta eskatzen du inpunitate eremuak ez baimentzeko.

Formakuntza saioan izan da Debagoieneko SOS Arrazakeria taldeko arduradun Nora Ugarteburu elgetarra ere. Ziurtatu du ez dagoela etorkinei bereziki zuzendutako diru-laguntzarik eta hiru urte egin behar dituztela erroldatuta lan egiteko baimena lortu aurretik. Jendearen pertzepzioa, sarri, errealitatetik oso urrun dagoela azpimarratu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak