Azken brindisa, gaur, Elgetako gaztetxean

Larraitz Zeberio Lekuona 2018ko mar. 16a, 13:05

Gazte taldea topa egiten 2013ko Sagardo Eguneko afarian, gaztetxean.

22 urteko ibilbidea egin du Elgetako gaztetxeak. Hiru urte aurretik sortu zen Elgetako Gazte Asanblada. Jende asko ibili da inguruan: herriko gazteak, ez hain gazteak, eta musika talde edo bestelako gonbidatu ugari. Nork bere bizipenak eta oroitzapenak gordeko ditu, ziur.

Gazte Asanbladak biharko antolatu duen jaiak bi dimentsio ditu. Urteurren jaia da; izan ere, 22 urte betetzen dira herriko gazteek gaztetxea okupatu zutela. Amaiera jaia ere bada, ordea. Azken festa horren ostean itxiko ditu ateak Elgetako gaztetxeak.

Horrelakoetan ia saihestu ezinezkoa da atzera begira jartzea, eta aldizkari eta argazki zaharrek aukera bikaina ematen dute gaztetxeak herrian izandako garrantziaz jabetzeko. 1992ko urrian jaio zen Elgetako Gazte Asanblada (EGA) eta urte hauetan guztietan izaera eta lan erritmo desberdinak izan ditu. Lema eskutik eskura ibili da, eta lan dinamikak eta ardurak 30 urteko epean jaiotako kinta desberdinetako elgetarrek hartu dituzte, txandaka.

Gazte asko ibili dira gaztetxearen bueltan: batzuk ardurak hartuta eta beste batzuk erabiltzaile soil modura. Sasoi batean hain gazteak ez ziren elgetarrak ere lekua aurkitu zuten gaztetxean, eta herrira begirako ekintza ugari bultzatu izan dira bertatik.

Gazte Asanbladaren sorrera

Esan daiteke Ozkarbi elkarteko lehen solairuan zegoen egongelan hasi zela Gazte Asanblada forma hartzen. Bertan batzen ziren 16 urte bete ostean elkarteko giltza hartzen zuten gazteak. Hainbat desadostasun sortu ziren elkarteko zuzendaritzarekin eta egoerak bere gorena jo zuen 1992ko Nafarroa Oinez jairako autobusa antolatzerakoan. Ipinitako baldintzekin ados ez, eta gazteek, beste autobus bat antolatzea erabaki zuten. Gazte Asanbladaren izenean sinatu zituzten kartelak.

"Hasi ginen kultura etxean elkartzen eta ikastaro batzuk antolatzen", gogoratzen dute orduko gazteek. "1994an hasi zen Gazte Asanblada indarra hartzen. Orduan hasi ginen gure ekintzak egiteko lokala eskatzen". Eskaerak ez zuen esperotako erantzunik jaso. Inguruan zeuden gaztetxeetatik ez zetorren albiste onik eta Udal arduradunek ez zuten kontua argi ikusten.

Gazte Asanbladatik lanean jarraitu zuten. Hankapalo, txalaparta, eta trikitixa ikastaroak antolatu zituzten. 1994ko martxoaren 8an, berriz, Gazte Asanbladako emakume talde batek merendola egin zuen plaza erdian. Horrekin batera, herri aldizkari bat sortzeko ideia garatu zuten gazteek. Goibeko euskara elkartea sortu eta 1995eko apirilean ikusi zuen argia Goibekokale aldizkariak.

"Kultura etxea, frontoi zaharra eta gerora gaztetxea izango zen eraikina uzten zizkiguten gure ekintzak egiteko", azaltzen dute. Lan dinamika handitzen joan zen, eta Asentzio Eguna berreskuratzeko ahaleginean saiatu ziren gazteak. 1995eko maiatzean egin zuten lehenengo aldiz. Hurrengo urteko Asentzio Egunean ehun lagun elkartu ziren bazkaltzeko. Kopuru polita zen.

Jarraian etorri zen Gazte Asanbladatik antolatutako lehenengo kontzertua. 1995eko urrian egin zuten eta frontoian izan zen. Pottoka, Tapia eta Leturia Band eta Bizkar Hezurra taldeek jo zuten. "Behin eta berriz joan ginen udaletxera lokala eskatzera. Benetan behar genuen", diote protagonistek.

Gaztetxearen okupazioa

"Hiru urte lanean eman eta gero atea bota behar izan genuen kasu minimoa egiteko", jasotzen du gaztetxearen lehen urteurrenerako kaleratutako aldizkariak. Eraikinean sartu eta sarraila aldatu zuten gazteek. 1996ko apirilaren 22a zen. Herrian akanpada egitekoak ziren EGIko gazteei agindua zien lokala Udalak.

Gorabehera batzuk izan ostean gazteen erabilerarako gelditu zen eraikina. Berehala etorri zen II. Asentzio Eguna. Herriak ondo erantzun zuen eta askotariko jendea gerturatu zen lanera. "Uztailean jaiak etorri ziren eta barra moduko bat ipini genuen. Garagardoa amaitu egin zen", gogoratzen dute elgetarrek.

Lokalaren egokitzapen lanak etorri ziren jarraian. Enrike Perez Txikiturri- k egin zuen gaztetxeko barra. Agertokia ere gertatu zuten. Lan dinamika polita jarri zen martxan eta lan talde bereziak sortu zituzten: garbiketa brigada, barrako txandak, edarien eskaera egiteko taldea, diruzaintza... "Kamisetak ere atera genituen. Herritarren erdiak zeukan kamiseta hura".

Gaztetxeak, astean zehar, elkarte moduan funtzionatzen zuen. "Giltza eskatzen zuenari ardurak hartzeko esaten zitzaion. Hori zen funtzionamendua".

Askotariko ekintzak

Kontzertu asko egin dira Elgetako gaztetxean. "Sasoi batean hamabostean behin egiten genituen. Taldeek gaztetxean jo nahi zuten eta itxaron zerrenda genuen. Jendea ere asko mugitzen zen", gogoratzen dute gaztetxeko sorreran ibilitakoek. "Eta iritsi zen une bat Udalarekin adostu genuela gaztetxetik antolatzea herriko jaietako lau egunetako kontzertuak".

Kontzertuekin batera diapositiba emanaldiak, hitzaldiak, futbolin, partxis, zein mus txapelketak, irteerak... antolatzen ziren. Egutegian, berriz, lekua egin zuten esanahi berezia hartu zuten zenbait ospakizunek: Asentzio Eguna, Umeen Eguna, Urteurreneko Jaia, Udaberri Jaia... Azken biek, bereziki Sagardo Egunak, jarraipena izan du gaurdaino.

"Proiektore bat ere erosi genuen eta umeendako pelikulak ematen genituen gaztetxean", diote hasierakoek. "Gaztetxekide txartela sortu genuen, eta hiru hilabeteko programazioa ateratzen genuen. Barra, berriz, zabalik egoten zen aste bukaeratan. Bizpahiru lagun zeuden horretara eta txikiteoko jendea hasi zen etortzen".

Hasierako urteetan izaera oso berezia izan zuen Elgetako gaztetxeak. "Gazteendako zen, baina ez bakarrik gazteendako. Herrira zabaldutako proiektua zen eta antolatzen ziren ekintzen artean bazeuden herri guztiarendako egiten zirenak ere. Antolatutako ekintzaren arabera adineko jendea ere etortzen zen".

Inguruko gaztetxeekin harremanik zegoen galdetuta baietz diote Asanbladaren sorrerako kideek. "Abiadura Handiko Trenaren gaia mugitzen hasi zenean, batez ere", diote. Elgoibarko gaztetxekoekin harreman berezia egin zutela dute gogoan. "Barrarako txanda aldaketak egiten genituen. Elgetako jaietan gaztetxeko barran lan egitera etortzen ziren eta gu joaten ginen Elgoibarrera jaiak zirenean".

Etorkizunera begira zer?

Biharko triki-poteoa, kantu bazkaria eta elektro-txaranga daude antolatuta. Urteurren eta amaiera jaiko ekintzak 13:00etan hasiko dira. Biharko itxiera festarako argazki zaharrekin egindako erakusketa ere prestatu dute Asanbladako kideek. Gaztetxean bertan egongo da ikusgai. Apirilerako, berriz, garbiketa lanak auzolanean egiteko deialdia egingo dute Gazte Asanbladatik.

Eraikina Udalarena da eta lokalarekin zein asmo dagoen galdetuta Iraitz Lazkano alkateak erantzun du lehenengo eta behin egoera zein den aztertu beharko dutela. "Aurreko batean gaztetxetik eskatu ziguten teilatuari konpondu moduko bat egiteko. Iazko aurrekontutik diru pixka bat geratzen bazaigu badugu horretarako asmoa. Gero, ikusi egin beharko da zein erabilpen eman. Izan daiteke biltegi edo izan daiteke kultura erabilpena ematea. Halako eskaerarik balego aztertu egin beharko genuke", adierazi du.

Erlazionatuak

Elgetako gaztetxea. Argazkiak.

Larraitz Zeberio Lekuona 2018 mar 16 Elgeta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak