Julia Monge: "Oso barneratuta daukagu historia gizonek espazio publikoan bizi izandako hori dela"

Larraitz Zeberio Lekuona 2018ko mar. 5a, 22:00
Julia Monge eta Zuriñe Rodriguez Lara, gaur, Elgetan.

Diktadura frankistarekin lotutako hainbat testigantza jaso ditu urte hauetan guztietan Intxorta 1937 kultur elkarteko Julia Mongek. 1976ko martxoaren 3arekin lotutako testigantzetan zentratu da gehiago Zuriñe Rodriguez Lara gasteiztarra. Belaunaldi desberdinetako emakumeak elkarrizketatu dituzte, eta biak ala biak bat datoz ezaugarri amankomun batzuk adierazteko orduan.

"Uste dute ez dutela asko kontatzeko edo beraiei gertatutakoa ez dela kontatzeko modukoa. Besteei gertatutakoa kontatzen hasten dira", azaltzen du Mongek Rodriguezek buruarekin baietz egiten duen bitartean.

"Ez dute protagonismorik nahi edo ez dute gertukoren bat haserretzerik nahi. Batzuetan gaixotu egiten dira testigantza emateko egunean edo esaten dizute hainbeste urtean isilik mantendu dutena zergatik hasiko diren orain kontatzen". Mongek dio ez dela kasualitatea. "Oso barneratuta daukagu historia gizonek espazio publikoan bizi izandako hori dela, eta uste dugu espazio pribatuagoetan eta modu indibidualago batean emakumeei gertatutakoa ez dela benetako historia. Ez duela epikarik eta istorio horiek ez dutela historia handia osatzen".

Memoria historikoaren inguruan egin dute gaur berba Elgetan Julia Monge arrasatearrak eta Zuriñe Rodriguez Lara gasteiztarrak. Hobeto esanda, memoria historikoa eraikitzerakoan emakumeek bizi izandako guztiari zor zaion begiruneari buruz. 22 lagunen aurrean egin dute hitzaldia. Martxoaren 8a aldarrikatzeko Elgetan antolatutako ekintza sortaren hasiera izan da.

"Memoria eraikitzeko egiak behar ditugu"

Behin kontatzeko erabakia hartzen dutenean emakumeek detaile handiz kontatzen dutela azaldu dute Mongek zein Rodriguezek. "Sentimenduak adierazten dituzte, eta oso ondo gogoratzen dituzte gertaerak, lekuak eta pertsonak. Beldurrei buruz hitz egiten dute. Familiari eta lotura afektiboei buruz aritzen dira askotan. Min pertsonalak ezkutatzeko joera dute, eta uste dute erresistentzia gizonen kontua bakarrik izan zela".

Mongek zein Rodriguezek argi dute memoriak generoa duela. "Ez da neutroa eta posizionatua dago. Politikoa da". Hala, hainbat galdera proposatzen dituzte hausnarketarako: "Zer da gogoratu behar duguna eta zer ahaztu behar duguna? Nortzuk dira gure protagonistak?".

Uste dute historia berri bat idatzi behar dela eta kontuan hartuak izan behar direla baita ere orain arte historia horren parte izateko duinak kontsideratu ez diren historiak. "Memoria eraikitzeko egiak behar ditugu eta egiak sortzen dira isilik ez gaudenean. Eta kontatzen dugunean inpunitatea salatzeko aukerak sortzen ditugu", dio Zuriñe Rodriguezek.

Laster ikusiko du argia egindako ikerketatik abiatuta Zuriñe Rodriguez Larak egindako liburuak. Intxorta 1937 kultur elkarteak argitaratuko du. "Gertaera haietan modu batean edo bestean protagonista izan ziren 40 emakumerekin elkartu naiz", azaldu du Rodriguezek. Elgetan egindako hitzaldian Yolanda Gonzalez, Pilar Berrena, Maite Elizondo edo Mertxe Gutierrez izan ditu gogoan, besteak beste. "Gonzalezek bost hilabete egin zituen iheslari eta gertatutakoaren inguruko kontakizuna egin denean ez da inor berarekin akordatu", esan du. "Greba egunetan langileen batzarretara joaten zenean lankideek etxera bidaltzen zuten Pilar Berrena. Esaten zioten joateko etxera senarrari bazkaria prestatzera. Gaur oraindik ere galdetzen du nork erreparatu behar dion lubaki berdinean zeuden lankideengandik jasotako mina".

Maite Elizondok beste gertaera batzuk kontatu dizkio Rodriguezi. Esaterako, gizonezkoen aldageletan egiten zituztela batzarrak eta irudi pornografikoz beteta zeudela. "Batzar batetik bueltan ginela esan genien irudiak kentzen ez bazituzten ez genuela esku artean genuen informazioa beraiekin elkarbanatuko", azaldu dio Elizondok Rodriguezi. Hortik ikerlariaren ondorioa: "Berreskuratu egin beharko genituzke diskriminazio egoeretan emakumeek sortutako estrategiak".

Diskriminazioa esparru askotan

Rodriguez Larak egindako ikerketak ertz asko azaleratu ditu. "Gasteizen egindako hiru hilabeteko greba nork sostengatu zuen? Garrantzitsua da esparru aktiboan egindako lorpenak gogora ekartzea, baina baita ere esparru pribatuan egindakoak. Mertxe Gutierrezek, esaterako, greban zeuden hogei langile hartu zituen bere etxean egun batez. Ez du sekula errekonozimendurik jaso. Lagunak ere galdu zituen erabaki horrengatik", dio Rodriguezek.

Hilabete gogorrak izan ziren Gasteizen eta hainbat emakumek kontatzen dute etxeetan areagotu egin zirela indarkeria matxista egoerak. "Historia handiak ez ditu horrelakoak jasotzen", dio Rodriguezek. "Ez dira kontatzeko kontu politak".

Autokritika egiteko eta barkamena eskatzeko ekitaldi berezia izan dute aurten Arabako hiriburuan. Memoria feminista baterantz lelopean egin zuten ekitaldi nagusia. "Estatuari justizia eta erreparazioa eskatzen dizkiogu eta zilegia da, baina gure herrian justizia eta erreparazioa zor zaie baita ere emakumeei. Ez dira memoria subsidiarioa".

Saioak hausnarketarako aukera eman du amaieran. Memoria historikoari eta feminismoari buruzko hainbat gogoeta azaleratu dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak