Zenbat emakume zaudete lantaldean?
Hamabost bat elkartzen gara. Gaur gaurkoz Martxoaren 8ko ekintzak prestatzen ari gara, baina egia da emakume taldea osatzea eta dinamika bat martxan jartzea dela asmoa.
Zure ustez nondik nora erantzun hori aurten?
Udalak urtero egiten du Martxoaren 8ko egitaraua prestatzeko dei publikoa. Taldetxo bat hasita zegoen zerbait pentsatzen. Aurten horri gehitu zaio herriko ama gazte batek egindako planteamendua. Kezkatuta dago gizartean ikusten duen egoerarekin eta umeei eman beharreko heziketarekin. Gaia aipatzen hasi zen kezka berdina izan zezaketen emakumeekin. Ahoz aho joan da taldea handitzen, kate moduko bat izan da.
Eta hemendik emakume talde bat irtengo da?
Esperantzarekin gaude. Herri askotan ari dira emakume taldeak osatzen, egoerak bultzatuta seguruenik. Niretzat garrantzitsuena da adin askotariko emakumeak ari direla gerturatzen. Ni naiz nagusiena. Akaso indartu beharko genuke 30 urte inguruko belaunaldia.
Zer duzue buruan Martxoaren 8tik aurrera?
Lan dinamika bat martxan jartzea eta ekintzak antolatzea urte osoan zehar. Ikusiko dugu zein maiztasunarekin.