Elgetako emakume taldea sortzeko bidean da

Larraitz Zeberio Lekuona 2018ko ots. 23a, 10:50

Aurreko urteetan baino emakume gehiago gerturatu da Martxoaren 8arekin lotutako ekintza sorta prestatzera. Hainbat proposamen egiten dituzte Emakumeen Nazioarteko Eguna aldarrikatzeko eta ospatzeko. Antolatu eta aurrera begira lan dinamika bat martxan jartzea ere badute helburu.

Gertu dituzte Elgetan Emakumeen Nazioarteko Egunarekin lotutako ekintzak. Berritasunak, aurten, lantaldera gerturatu den emakume kopurua da, eta horrekin batera herriko emakume taldea sortzeko dagoen helburua.

Martxoaren 8rako elkarretaratze bat, ondorengo ekitaldia, eta herriko emakumeen zaletasunak eta afizioak jasoko dituen erakusketa bat iragarri dituzte. Erakusketa hori elkarretaratzea egin ostean zabalduko dute eta domekara arte egongo da ikusgai buztin gelan. Martxoaren 5erako, bestalde, Julia Monge feminista arrasatearrak hitzaldia egingo du, 18:30ean.
Martxoaren 8rako, bestalde, lanuzteak egitera deituta daude emakumeak, eta deialdi horren inguruko informazio zehatza eskuratzeko konpromisoa hartu dute Elgetako lantaldean. Informazio hori hurrengo batzarretan emango dute. Taldea eguenetan elkartzen da, 19:00etan, udaletxeko areto nagusian.

Elkarretaratzea amantalekin

Martxoaren 8ko elkarretaratzea 19:00etan izango da udaletxe aurrean. Kontzentrazio hori amantalak soinean egiteko deialdia egin dute lantaldetik. Gizonezkoak zein emakumezkoak daude ikur hori erabiltzera deituak. Emakumezkoen amantalek bereizgarri bat izango dute. "Emakumeak sukaldari, administratzaile, ekonomista, psikologo... dira etxean, eta lan hori guztia azpimarratzeko hitz gako batzuk ipiniko dizkiegu emakumezkoen amantalei", azaldu dute. Elkarretaratzearen ostean komunikatu bat irakurriko dute eta Elgetako emakume taldearen aurkezpena egingo dute. Gitarra doinuak, antzezlan txiki bat eta ekitaldirako propio sortutako bertsoak iragarri dituzte, guztiak Elgetako emakumeen eskutik.

Emakumeen zaletasunak ikusgai

Lau txoko izango ditu emakumeen zaletasunak erakutsiko dituen erakusketak. Kirola, idazlanak, janaria eta eskulanak dira txoko horiek. Oraingoz, Elgetako hamasei bat emakumeren presentzia izango da bertan. "Taldean hainbat izen irten dira eta horiengana jo dugu, baina egon daitezke gehiago parte hartzeko gertu daudenak. Argazkiak, materiala... da eskatzen duguna", esan dute lantaldetik. Materiala buztin gelara eraman behar da otsailaren 28an 11:00etatik 13:00etara edo martxoaren 1ean 19:00etatik 20:00etara. Martxoaren 2an hasiko dira erakusketa muntatzen.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak